San Joan bezpera, eta eguerdiko hamabiak dira Zestoako (Gipuzkoa) osasun zentroan. Bi mediku egoten dira normalean bertan. Itxaron gela nagusian mugimendu gutxi dago: zain zegoen adineko bikote bat sartu da kontsultetako batean, eta ama-seme batzuk handik bost minutura aldameneko beste kontsultan. Harrerako langileak hizketan ari dira; goiz lasaia dirudi.
Osasun zentroaren albo bateko sarreran, baina, bada mugimendua. Dozena erdi herritar kalean ilara egiten ari dira, eta barruan, astronauta itxurarekin goitik behera ekipatutako erizainak. Guztiz babesturik, zotzak eskuan, sudurrak jomugan. Duela urtebetetik, koronabirusa atzemateko PCR probak egiteko lekua egokitua dute bertan, eta egunero ordu berean deitzen dituzte gaixotasuna izan dezaketen herritarrak. "Hau guztia hasi zenean, argi izan genuen espazio bat beharko genuela osasun zentroan". Pandemia egoera ezarri baino lehen, Naiara Campos zentroko familia medikuak, etorriko zenaz beldur, neurriak hartzea erabaki zuen, eta baita lortu ere. Hala, herria txikia izanik ere, zestoarrek ez dute herritik atera behar PCR probak egiteko, eta, era berean, proba egitera doazen herritarrak ez dira kontsultetakoekin nahasten.
Urte zaila izan da osasun zentroetan, eta are gehiago bertako medikuentzat, lehen lerroan lanean aritu direnentzat. Baina ari dira gutxika nolabaiteko normaltasunera itzultzen, aurrez aurreko kontsultak eta pazienteekin harremanak berrezartzen. Osakidetzan, mediku bakoitzak batez beste 1.500 paziente artatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik ia gehienak osasun zentrora joaten dira, baina badaude zerbitzua etxean jasotzen dutenak, batik bat mugitzeko edota osasun zentrora iristeko arazoak dituztelako. Herri txikia zein handia, zerbitzua udalerri guztietako herritarrei eskaintzen zaie; hala ere, datuen arabera, txikietan handiagoa da eskaera, herritar asko herrigunetik aldenduta bizi direlako, baserrietan.
Etxeko bat gehiago
Campos doktoreak bukatu ditu goizean kontsultan artatu beharrekoak, eta eguneko irtenaldia prestatzen ari da. Egunero, denbora mugatua izaten du pazienteei bisita egiteko: ordubete inguru. Fonendoskopioa, tentsiometroa eta bestelako tresnak ondo desinfektatu, maletan sartu, eta atera da osasun zentrotik. "Ramonari bisita egitera noa; urgentziarik bada, mesedez, deitu", adierazi die harrerako administrariei. Osasun zentroko ate nagusiaren parean dauka aparkatua auto zuri bat, berea, pribatua. Udalak erreserbatutako aparkalekua gordeta daukate osagileek erraz irten eta sartzeko. "Beste zerbitzu batzuetako langileekin konpartitzen dugu lekua, asteko egunaren arabera", zehaztu du Camposek. Baserri bide estuetatik Zestoako Arroa Goikoa auzoa bisitatzea tokatzen zaio gaur; Ramona dauka han zain. Nabari zaio errepideak ezagunak dituela eta makina bat aldiz igaro dela haietatik, erraz mugitzen baita batetik bestera.
Iritsi da helmugara, eta, hasteko, txakur bikotea du zain, adi. "Agian gutxien gustatzen zaidana hau da, baserri guztietan txakurrek egitea ongietorria; ari naiz ohitzen, baina errespetu handia diet", kontatu du, umorez, Camposek. Mari Carmen Uzkudun alabak egin dio ongietorria Arbe baserrian, eta medikuak arropa egokiak jantzi ditu atarian: maskara aldatu, eskularruak... Ramona, senarraren aldamenean, telebista ikusten ari da, goxo, eta etxeko beste edonor balitz bezala hartu du sendagilea. Egongelako sofan egin dute kontsulta. Errutinazko bisita da gaurkoa. Campos oporretara doa hurrengo egunetan, eta badaezpada dena ondo dagoela ziurtatu nahi izan du. Medikamentuen errezetak ere ekarri ditu bide batez.
Uzkudunek adierazi duenez, lasaitasuna eta erosotasuna ematen die beraiei medikua etxera etortzeak. "Ama dela eta, sarritan etorri behar izaten du, eta eskertzekoa da abisatu eta berehala, ahalik eta azkarren, hemen egotea". Ramonak, beste zenbait gaitzen artean, mugitzeko arazoak ditu, eta, hori dela eta, eskubidea dauka zerbitzua etxean jasotzeko. Uzkudunek azaldu du gurasoak hasieratik konforme agertu zirela medikua etxera etortzearekin. "Ez zitzaien arrotza egin. Lasaiago daude horrela; bestela, etxetik ateratzeko, asko urduritzen dira". Badaramatzate zenbait urte etxeko ateak parez pare medikuari irekitzen. Etxe barruraino, sukalderaino sartzen da medikua etxez etxeko bisitetan. Gertuko pertsona bihurtzen da, familiakoa, eta harreman estua sortzen da medikuaren eta pazientearen artean. "Pazienteak bere intimitate osoa erakusten digu", dio Camposek. "Norbere etxea baino ezer intimoagorik ez dago", gaineratu du. Dozenaka urte ditu Osakidetzaren etxez etxeko zerbitzuak.