Zestoako Gazte Koordinadora Sozialistak Gazteak eta udako lanak mahai-ingurua antolatu du ostegunerako, hilak 4. 18:30an hasiko da saioa Alonderoko kultur aretoan, eta bertan, gazteek udan izan ohi dituzten lanpostuen nolakotasunaren inguruan arituko dira hizketan. Zestoako GKSk ohar bidez adierazi duenez, "gazte langileentzat lanerako tartea" bilakatu da uda, eta urte sasoi honetan "inoiz baino argiago" azaleratzen da "gazteria langileari zuzenduriko lan merkatuan ematen den esplotazio maila".
Ildo horretatik, GKSk nabarmendu du "baldintza kaskarretan lan egitera behartuta" daudela gazteak, eta udako jardun ekonomikoarekin "etekin handiak" lortzen dituztela "enpresaburuek eta klase ertaineko sektoreek". Era berean, azpimarratu dute "klase posizioaren arabera" asko aldatzen direla batzuen eta besteen oporrak eta aisialdi eredua: "Batzuk luxuz beteriko oporrak pasatzen dituzte, beste batzuek herritik mugitzeko zein herriko eskaintza ezberdinetan parte hartzeko ezintasunak dituztenean". Solasaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei GKSko kideek.