"Pozez eta gustura" agurtu dute Zestoako Antzerki Astea, sorkuntzarako espazio berria aldarri

Maialen Etxaniz 2021eko uztailaren 6a

Eromen Produkzioakeko kideek azaldu dutenez, 640 ikuslek, 43 antzezlek, bost dantzarik, lau solaskidek eta bi txistularik osatu dute aurtengo edizioa, eta horren kuttuna duten egitasmoaren balorazio positiboa egin dute: "Ezin dugu eskertuago egon". Dena den, lanean jarraitzeko espaziorik ez dutela azpimarratu nahi izan dute, eta azaldu dute hori baharrezkoa dela kultur sorkuntza bizirik mantentzeko.

Eromen Produkzioaken 'Guateke' antzerkia oholtzaratu dute ZAA!21-n. (Eider Iturriaga)

Beste urte batez, antzerkiak hartu zuen Zestoa joan zen astean. Antzerkia eta horren bueltako ekintzak izan ziren protagonistak bost egunez; izan ere, Zestoako Antzerki Astean murgilduta egon zen herria. Orain, horren kuttuna duten egitasmoa igarota, balorazioa egin du antolatzaileek. Eromen Produkzioakeko kideak "pozez eta gustura" agertu dira aurtengo Zestoako Antzerki Asteak izan duen harrerarekin. 

"640 ikuslek, 43 antzezlek, bost dantzarik, lau solaskidek eta bi txistularik osatu dugu aurtengo edizioa, eta ezin dugu eskertuago egon", adierazi du Eromen Produkzioakek. Jakinarazi dutenez, Zestoako bizilagunez gain, hainbat eta hainbat txokotako antzerkizaleak bertaratu dira Antzerki Astearen aurtengo ediziora, eta horien erantzuna oso ona izan dela nabarmendu dute: "Alde batetik herriaren erantzuna erabat positiboa izan da. Pozik ikusi ditugu herritarrak eta kanpotarrak. Zestoarrak ez ezik, inguruko herrietatik, Donostiatik, Bilbotik, Madrildik eta Paristik ere etorri zaizkigu ikusleak. Guztiak antzerkia eta kultura besarkatzeko prest".

Lanerako gogoa bai, espaziorik ez

Era berean, Eromeneko kideek adierazi dute herritarrak oso eskertuta agertu direla, eta horrek lanean jarraitzeko indarra ematen diela "Kalean egunotan zorionik onenak jaso ditugu egindako lanarengatik, eta horrek jarraitzeko indarrak ematen dizkigu. Zoritxarrez, ordea, urteroko legez, gure burua berrasmatzera behartuta egon gara, herrian dagoen espazio faltak bultzatuta". Horren harira, aurtengo edizioan "mirari bat" gertatu zaiela esan dute: "Caravan Parkeko ateak ireki dizkigute parez pare Javierrekk eta Jaquelinek, eta etxean bezala sentitu gara. Eskerrik beroenak eurentzat".

Orain, ordea, "berriz ere oasi horretatik aterata", kultura garatzeko "leku aproposik gabe" aurkitzen direla salatu dute, "herriko beste kultur eragileak bezalaxe". Horregatik, galdera bat bota dure airera: "Horrela noiz arte? Kulturaren beharra, eta ondorioz horrelako egitasmoak izatea nahitaezkoa ikusten dugu herria bizirik mantentzeko". 

Lanerako espazio duina behar dutela aldarrikatuz eta lanean jarraituko dutela nabarmenduz agurtu dute aurtengo Antzerki Astea, hurrengo urteko "ilusio berberarekin" hartuko dutela argi utziz: "Lanean jarraituko dugun talde indartsua gara, eta hurrengo edizioa aurtengoa bezalako ilusio berberarekin hartuko dugu. Hurrengo urtean X. ZAA!22 Antzerki Astea ospatuko dugu, eta ziur ahaztezina izango dela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide