Atleta

Aimar Arreitunandia: "Egunetik egunera hobetzen ahalegintzea da nire helburua"

Mailo Oiarzabal 2021eko ekainaren 30a

Astebeteren buruan bi domina lortu ditu Arreitunandiak (Zestoa, 2000) Realaren 4x100 erreleboarekin Espainiako txapelketetan. Duela lau urte egin zuen jauzi atletismora, futbola utzita.

Bi asteburu, Espainiako bi txapelketa, eta bi domina kolkora. Horixe da Aimar Arreitunandia atleta zestoarrak lortu duena. Realarekin lehiatzen da Arreitunandia, eta Donostiako klubaren 4×100 erreleboaren kide gisara irabazi ditu aipatutako dominak, urrea 23 urtez azpikoen txapelketan Nerjan (Malaga, Andaluzia, Espainia), eta brontzea txapelketa absolutuan Getafen (Madril, Espainia),

Lortutako emaitzekin gustura izango zarete. Esperotakoak izan al dira ala goitik ibili zarete?

Oso gustura gaude, bai. 23 urtez azpikoen txapelketan, baja batzuk bagenituen arren, espero genuen urrea irabaztea, baina txapelketa absolutuko brontzea ezusteko erabatekoa izan da. Finaleko zortzi taldeen artean zazpigarren marka onena genuen, eta lesioak tarteko, Realaren ohiko taldea ere ez genuen aurkeztu. Gurea baino talde hobeak zeuden finalean, baina jakina da nolakoak izaten diren errelebo lasterketak, lekukoa aldatzerakoan-eta arazoak sarri gertatzen dira, eta horixe bera pasatu zen finalean. Zortzitik sei taldek bukatu genuen lasterketa eta gu bosgarren sailkatu ginen. Proba bukatu ondoren, berriz, lehen bi postuetan iritsi ziren taldeak ere deskalifikatu egin zituzten, lasterketan egindako arau hausteak tarteko. Gu aldatzera joan ginen, eta epaileak bila etorri zitzaizkigun, bi talde deskalifikatu zituztela eta podiumera igo behar ginela esatera.

Noiztik ari zara Realaren 4x100 erreleboarekin?

Aurtengoa nire laugarren denboraldia da atletismoan eta Realean. Lehenengo urtean probatze aldera ekin nion, atletismoan nola moldatuko ote nintzen ikusi nahi nuen, eta futbola eta atletismoa batera egiten hasi nintzen. Atletismoan nahiko ondo moldatzen nintzela ikusi nuen, eta abenduan futbola uztea eta buru-belarri atletismoan jarraitzea erabaki nuen. Lehen bi denbotaldietan nahiko ondo irten zitzaizkidan gauzak, Espainiako txapelketetara sailkatzea lortu nuen. Joan den urtean, berriz, pandemiak harrapatu gintuen eta denboraldi arraroa izan zen. Nire kasuan, Donostiara joaten naiz entrenatzera, eta pandemia hasi zenean entrenatzera joan ezinda gelditu nintzen. Nola edo hala moldatu behar izan nuen etxean entrenatzeko, garajean ere bai. Baina ezohiko baldintza horien eta egoera arraro horren ondorioz, denboraldia ez zen oso ondo atera.

Azken denboraldi honetan entrenatzaile berriarekin ari naiz lanean, Oskar Ezker. Teknika hobetzeko lan asko egin dugu, asko neukan-eta hobetzeko alde horretatik, eta teknika on bat aurkitzea delako atletismoaren oinarri nagusia. Teknikoki oinarri oso ona lortu dugu, eta alderdi hori hobetuta, markak ere oso onak izan dira aurten

Zergatik erabaki zenuen futbola uztea eta atletismoan hastea?

Txiki-txikitatik jokatu izan dut futbolean, Zestoako taldean. Futbolean jokatzetik nekien nahikoa azkarra nintzela, abiadura zela nire ezaugarririk onena. Duela lau urte, jubenil mailako nire bigarren urtean, futbolean pixka bat estankatuta ikusten nuen neure burua, eta horregatik erabaki nuen atletismoan probatzea. Donostiako bi talde nagusietara jo zuen aitak, Atletico San Sebastianera eta Realera. Realak atletismoan ere harrobia lantzeko plangintza bat du, talde nagusirako atletak prestatzeko eskola bat; interes gehiago erakutsi zuen Realak ni fitxatzeko, eta horrela hasi nintzen haiekin lanean.

Lehia indibidualean zeintzuk dira zure probak?

Abiadura da nire espezialitatea, eta horren barruan probarik laburrenak lantzen ditut, 100 metroko lasterketa aire zabaleko sasoian, eta 60 metrokoa pista estaliko denboraldian. Nerjan, Espainiako 23 urtez azpikoen txapelketan, finaularrekoetan lehiatu nintzen 100 metroetan, eta kalera joan nintzen. Aurten, txapelketan parte hartu ahal izateko gutxieneko marka zuten guztiek ezin izan dute parte hartu, pandemiaren erruz Espainiako federazioak parte-hartzaileen kopurua murriztea erabaki duelako. Izan ere, normalean berrogeitaka izan daitezke gutxieneko denbora lortzen dutenak, baina aurten rankineko 24 onenek bakarrik izan dute txapelketan lehiatzeko aukera. Horien artean nengoen ni, 10.80ko denborarekin. Beste urtebete gelditzen zait oraindik 23 urtez azpikoen mailan eta ea datorren urtean lortzen dudan 100 metroko finalera iristea, esperantza horrekin ahaleginduko naiz behintzat.

Zestoan eta inguru hurbilean ez dago zuk lantzen duzun modalitatea garatzeko azpiegitura egokirik. Donostiara bueltaka ibili behar derrigorrean, ezta?

Donostiako atletismo pistak ditut gertuen; hurbileneko beste aukera Elgoibar. Baina Atletico eta Reala Donostian daude, eta Zestoarik Donostiara joan-etorrian ibiltzea ere erosogoa da.

Zer entrenamendu errutina daukazu?

Hasieran, futboleko entrenamenduekin tartekatzen nituen saioak, astean bitan atletismo entrenamenduak Donostian eta beste hirutan futbolekoak Zestoan. Futbola utzi nuenean, astean lau entrenamendu egiten hasi nintzen. Gaur egun, berriz, normalean astean sei entrenamendu egiten ditugu, larunbatetan atseden hartuta. Espainiako Txapelketetara sasoian iristeko helburuarekin programatzen ditugu saioak; beraz, prestakuntzaren barruan aste batzuetan saio gehiago egiten ditugu eta besteetan gutxiago, sei saioko asteak bost saiokoekin tartekatzen ditugu, esaterako. Eta aste barruan gimnasioko lana eta pistan abiadurako serieak tartekatzen ditugu.

Aurrera begira, zer helburu dituzu?

Espainiako Txapelketak izan ohi dira normalean denboraldiko azken hitzordu nagusia. Gaur beste lasterketa bat daukat Durangon [Bizkaia], horrekin bukatuko dut aire zabaleko aurtengo denboraldia eta oporrak hartuko ditut. Irailean hasiko naiz berriro entrenatzen, pista estaliko sasoirako denboraldi-aurrea egiteko. Pista estaliko denboraldia abendutik martxora izaten da, eta apirilaren erdi edo bukaera aldera hasten da aire zabaleko denboraldia. Atletismoan beti dago hobetzen joateko aukera. Datorren deboraldirako baditut helburu pertsonalak, baina ez dut marka zehatzetaz hitz egin nahi, hori normalean kalterako izaten delako. Egunetik egunera hobetzen ahalegintzea da nire helburua, aurreko urteko mailara iristeko aurrena eta, gero, ahal bada, maila hori gainditzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide