Zestoako kasko historikoa ibilgailuentzat itxita izango da uztailean, abuztuan eta irailean. Udalak adierazi duenez, oinezkoek "erabateko lehentasuna" izan dezaten hartu dute erabakia, baita herrigune historikoa biziberritzeko eta haurren segurtasuna bermatzeko ere. Ibilgailuek zamalanetarako, oinarrizko beharretarako nahiz larrialdietarako soilik sartu ahal izango dute eremu horretara.
Bihar, uztailaren 1a, itxiko dute kaskoa, eta irailaren 30era arte hala egongo da. Dena den, zamalanetarako ireki egingo dute astegunetan, 08:00etatik 12:00etara bitartean. Eguerditik aurrera, baina, itxi egingo dute egunero.
Bestalde, kasko historikoan bizi diren eta menpekotasun ziurtagiria duten pertsonek giltza bat eskuratuko dute, larrialdi kasuetan piboteak zabaltzeko eta kaskora ibilgailuz sartzeko aukera izan dezaten. Gainera, osasun zein larrialdi zerbitzuek ere barrura sartzeko aukera izango dute nahiz eta eremua itxita egon.