Zestoa 2030 Herri Plangintzaren lehen fasea eta udal barneko plan estrategikoa osatu dituzte

Mailo Oiarzabal 2021eko ekainaren 25a

Orain arte egindako ibilbidearen eta horren emaitzen berri eman dute udalak, zein Siadecoko eta Euskaliteko ordezkariek, eta herritarren eskura jarriko dute informazioa aurki, udalaren webgunean. Prozesuaren egikaritza fasea udazkenean hasiko dute.

"Pandemiak gauza asko zaildu" arren, Zestoako Udalak esku artean ditu jada Zestoa 2030 Herri Plangintza zein udal barneko plan estrategikoa. Bitan banatutako prozesu beraren emaitza dira bi plangintzak, atzo horien berri eta jarraitutako bidea azaltzeko egindako agerraldian azaldu zutenez.

Herritarren parte-hartzearekin osatu dute joan den azaroan aurkeztu zuten Herri Plangintza osatzeko prozesua, Siadeco enpresak gidatuta. 303 herritarrek erantzun dute plangintza osatzeko galdetegia, eta beste 50 eragilerekin egindako elkarrizketekin osatu dute diagnostikoaren faseko informazio bilketa; herritarrek erakutsitako "inplikazioa" eta zestoarren parte-hartzea txalotu eta eskertu dituzte bai udal ordezkariek, bai prozesua gidatu duten lagunek. Udal barneko zein beste hainbat iturrietako informazioarekin eta alderaketekin osatu dute diagnostikoaren emaitzak jasotzen dituen azken proposamena. Eustaten datu basera jo dute Siadecokoek hainbat informazio eskuratzeko, eta iturri bera erabili dute Zestoaren egoera eskualdeko beste herrien egoerarekin zein biztanleriari dagokionez Zestoaren paretsukoak diren Gipuzkoako herriekin alderatzeko.

Siadecoko Juanjo Allurrek nabarmendu zuen dokumentuan jasota gelditu dena aberasgarria dela udalarentzat, erakundeak lan ildoak eta proiektuak erabakitzeko; baina zehaztu zuen "momentuko argazki" bat ere badela, 2020. urte bukaeran zestoarrek hainbat gai eta arloren gainean egindako ekarpenak, proposamenak eta ezarritako lehentasunak jasotzen dituen argazkia. Horregatik, Allurrek azpimarratu zuen ez dela ulertu behar, Herri Plangintzaren dokumentuan jasota egonagatik, "udalak proposatutako guztiari hamar urtetan irtenbidea emateko konpromisoa hartzen duenik". Zestoa 2030 Herri Plangintza ez da dokumentu "itxia", "doitzen eta lehentasunak adosten" joan beharko du udalak aurrerantzean.

Herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu parte-hartzailea gauzatu bitartean, udal barruko funtzionamendua eta antolaketa eredua doitzeko prozesu paraleloa egin dute, ordezkari politikoen eta udal langile guztien parte-hartzearekin. Kudeaketa aurreratua deritzon eredua ezarri nahi dute Zestoako Udalean, eta Euskalit erakundeak egin du hori bideratuko duen plan estrategikoa osatzeko lana. Euskaliten gidaritzapean osatu dute udal barruko plan estrategikoa, eta herriko San Juan Fundazioko zuzendaritzako Joseba Illarramendi eta Saioa Lasa izan dira, hain zuzen ere, lan horretaz arduratu direnak; Urrezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria jaso zuen San Juan Fundazioak 2019an, eta harrezkero Euskaliten ebaluatzaile lanetan ere aritzen dira fundazioaren zuzendaritzakoak

Lasak azaldu zuen AMIA prozedura erabili dutela udaleko langile bakoitzak bere lan antolaketan ikusten dituen aukerak, mehatxuk, indarguneak eta ahuleziak detektatzeko. Illarramendik, bere aldetik, udal barneko plan estrategikoa egiteko prozesuaren hiru puntu goraipatu nahi izan zituen: "askatasun osoarekin" lan egin dutela esan zuen Illarramendik; Zestoako Udalaren "ausardia politikoa" nabarmendu zuen, horrelako prozesuek "abantailak" ekarri arren, "arriskuak ere" izaten dituztelako; eta plana adostasunez gauzatu izana "garaipen bat" dela adierazi zuen, Illarramendi bera "zestoar bezala asko pozten" duen zerbait.

"Ibilbide orria"

Azaroko aurkezpenean azaldutakoaren ildotik, prozesuaren amaieran osatu duten dokumentua "ibilbide orria" izango da udalarentzat, Mikel Arregi alkatearen esanetan. "Helburua da Zestoako Udalak Zestoako herriari begira 2030a arteko epean ibilbide orri bat egitea. Ezinbestekoa da erakunde publiko batek, udal batek, ipar bat edukitzea. Arduradun politikoak epe jakin baterako jartzen gaituzte hemen herritarrek, baina udal langileek eta teknikariek, maila batean, beren bizitza profesional guztia erakunde honen barruan egiten dute", esan zuen aurkezpenean Arregik. Alkatearentzat "ezinbestekoa" da udalean ordezkaritza duten aukera politiko ezberdinetako kideen arteko "konpartitze bat", aipatutako ibilbide orriaren ardatzak adosteko.

Carmelo Mendizabal EAJren zinegotzia ere pozik agertu zen prozesuan orain arte betetako ibilbidearekin eta lortutako emaitzekin. "Denen artean" adostutako plana dela eta "eduki guztiak adostu" dituztela nabarmendu zuen Mendizabalek, eta herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzerakoan "auzoei garrantzia eman" izana ere goraipatu zuen.

Egikaritza fasea, udazkenean

Herri Plangintzaren proposamenen dokumentua eta udal barneko plan estrategikoa osatuta, prozesuaren hurrengo urratsa, egikaritza fasea, udazkenean iritsiko da. Jasotako proposamenak mahai gainean jarri eta lehentasunak finkatzen hasteko unea izango da hori, besteak beste. Arregik aurreratu duenez, bilera berriak deituko dituzte, fase hori ere ahalik eta parte-hartzaileena izatea baita udalaren asmoa. Zestoa 2030 Herri Plagintzaren fase berriak bat egingo du 2022ko udal aurrekontuak osatzeko prozesuaren hasierarekin, alkateak atzo azaldu zuenez. Izan ere, lehen aldiz 2019an egin zuten eta iaz pandemiak eragotzi zuen aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea berreskuratu nahi du udalak 2022ko aurrekontuak prestatzeko.

Arregiren ustez, "horrelako prozesuek arrakasta izateko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea". Plangintzak arrakasta izateko "jarraipena egitea ezinbestekoa" izango dela ere ekarri zuen gogora alkateak, "Prozesu hauen arriskua izan daiteke zerbait estankoa bihurtzea, bere horretan geratzea", berretsi zuen Illarramendik. Hori eragozteko, San Juan Fundaziokoek eta Euskalitek "dinamika bat planteatu" dutela adierazi zuen. "Gure lana printzipioz bukatu da, baina ondoan egongo gara beti, elkarlanean, laguntzen jarraitzeko prest". 

Zestoako Udalak datozen egunetan jarriko du bere webgunean Zestoa 2030 Herri Plangintzaren dokumentazioa, orain arteko edukiak herritarren eskura jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide