Dena prest dute Zestoako Antzerki Asteari hasiera emateko

Aitziber Arzallus 2021eko ekainaren 25a

Gaur goizean egin dute aurtengo Zestoako Antzerki Astearen aurkezpen ofiziala Caravan Parkeko pabilioian, antzerki astearen agertoki berrian. Esker oneko hitzak izan dituzte Zestoako azpiegitura faltari nolabaiteko irtenbidea emateko ahalegina egin duten guztientzat, eta antzerkiaz gozatzeko gobidapena egin diete herritarrei. Ordutegiari dagokionean aldaketa txiki bat iragarri dute antolatzaileek: 20:00etarako programatutako antzezlan guztiak 20:30ean hasiko dira.

Astelehenean, hilak 28, ekingo diote aurtengo Zestoako Antzerki Asteari, eta aurrez egitarauaren berri emana zuten arrean, gaur egin dute aurkezpen ofiziala. Eromen Produkzioakeko hainbat kidek eta Mikel Arregi Zestoako alkateak parte hartu dute Zestoako Caravan Parkeko pabilioian egin duten ekitaldian, antzerki astearen agertoki berrian, hain zuzen. Han izango dira uztailaren 4ra bitarte antolatu dituzten emanaldi guztiak, bat izan ezik; emakume sortzaileen inguruko mahai ingurua Kultur Etxeko aretoan egingo dute uztailaren 2an.

Zestoako alkateak eta Amanacay Gaztañaga Eromen Produkzioakeko zuzendariak esker oneko hitzekin hasi dituzte beren hitzartzeak; eskerrak eman dizkiote elkarri eta, batez ere, pabilioiaren jabeei, Zestoak duen azpiegitura faltari nolabaiteko irtenbidea ematea ahalbidetu izanagatik. "Kanpotik datozenek beti esaten dute zestoarrok badugula jendea besoak zabalik hartzeko ohitura, eta Caravan Parkek gurekin egin duena da horren adibiderik argiena", esan du Gaztañagak. Zestoarrak harrituta geldituko direla uste du; "publikoak ez du espero hemen topatuko duena".

Denera, zazpi antzerki emanaldi eta bost obra izango dira aurtengo Zestoako Antzerki Astearen barruan, eta horietatik bi nabarmendu ditu Gaztañagak, "punta-puntakoak" izateagatik: Fadoak entzuten zituen gizona eta Atzerrian lurra garratz. "Goi mailako bi talde profesional ariko dira Zestoan, eta hori ez litzateke posible izango azpiegitura egokirik ez balego".

Bi horiez gain, Zestoako Antzerki Eskolako ikasle helduek ekainaren 29an estreinatuko duten Guateke antzezlanari egin dio aipamena Eromen Produkzioakeko zuendariak; "gure guatekea da, herritarrek parte hartu dutena, denon artean eraikia". Obra horren hiru saio egingo dituzte hiru egunetan, eta sarrerak agortzear dira jada; ekainaren 30erako bakarrik gelditzen dira, bakan batzuk, Turismo Bulegoan.

Guateke Iñigo Dierez azkoitiarrak idatzi du eta Gaztañagak zuzendu. Dierezek aitortu duenez, berak idatzi du, bai, baina gustatzen zaio azpimarratzea taldean egindako lana izan dela, "gainerako partaideek ere ekarpen handiak egin dituztelako eta lagundu dutelako pertsonaje bakoitzari borobiltasuna ematen". Erronka "zaila, baina polita" izan dela adierazi du idazleak. "Bi urte eskaini dizkiogu, aurreko urtean ezin izan genuelako estreinatu; baina alde onari begiratuta, lan gehiago egin ahal izan dugu bai pertsonajeetan eta bai istorioetan". Ia 30 antzezle izan arren, guztiak "behar-beharrezko" direla nabarmendu du Dierezek; "pertsonaje bat galduko edo kenduko bagenu, antzezlana pikutara joango litzateke, eta horrenbeste pertsonaje izan eta hori lortzea oso polita da". Emaitzarekin "oso pozik" eta "erakusteko irrikaz" dagoela adierazi du azkoitiarrak, "barruko urduritasunak askatzeko gogoz". 

Jarraian, Lorea Alberdik hartu du hitza, eta agertoki berriak alderdi teknikotik Antzerki Asteari ekarriko dizkion onurez mintzatu da hura. "Orain arte, geneukanarekin moldatu behar izten genuen, baina ez zeukan zerikusirik hemen dauzkagun baliabideekin: hemen lan egitea gozada bat da. Argiztapen egokiak lagundu egiten die antzezlanei, eta aurten horretaz ohartuko dira ikusleak ere". Antzerki eskolako gaztetxoentzat ere sekulako esperientzia izaten ari dela nabarmendu du Alberdik. "Kultur Etxeko aretotik atera eta hona etorri direnean, hemen zer muntatu dugun ikusi dutenean, zur eta lur gelditu dira". Haiek uztailaren 4an estreinatuko dute prestatuta duten Santiaga obra. Mikel Ibarguren da antzelanaren zuzendaria.

Marije Izeta Zestoako Antzerki Eskolako ikaslea eta Guatekeko antzezleetako bat izan da hitza hartzen azkena. Eskerrak eman dizkio Zestoako Udalari Antzerki Asterako agertoki egokiago bat atontzeko egin duen ahaleginagatik.

Antzerki Astearen antolatzaileek jakinarazi dutenez, 20:00etarako programatutako antzezlan guztiak 20:30ean izango dira. Horrenbestez, honala geldituko litzateke Zestoako Antzerki Astearen egitaraua:

  • Ekainak 28, astelehena. Iluntzen antzezlana, Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerreko kideekin. 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Ekainak 29, asteartea. Guateke antzezlana, Iñigo Dierezek idatzitakoa eta Amancay Gaztañagak zuzendutakoa. 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Ekainak 30, asteazkena. Guateke obra, 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Uztailak 1, osteguna. Guateke 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Uztailak 2, ostirala. Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen, mahai ingurua. Aizpea Goenagak, Olatz Beobidek, Erika Olaizolak eta Nerea Arriolak parte hartuko dute, Zuriñe Maguregik gidatuko duen saioan. 17:30ean, Kultur Etxeko aretoan.
  • Uztailak 2, ostirala. Atzerrian lurra garratz antzezlana, Aktoreak: Ander Lipus eta Laura Penagos. Zuzendaria: Amancay Gaztañaga. 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Uztailak 3, larunbata. Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioak. Aktoreak: Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain. Zuzendaria: Getari Etxegarai. 20:30ean, Caravan Parkeko pabiloian.
  • Uztailak 4, igandea. Santiaga antzezlana egingo dute antzerki eskolako gaztetxoek, Mikel Ibargurenek zuzenduta. 12:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide