Ekainaren 28tik uztailaren 4ra izango da aurtengo Zestoako Antzerki Astea, eta hainbat antzerki obra ikusteko parada ez ezik, Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen izenburupeko mahai-inguru batez gozatzeko aukera ere izango da.
Euskal Herriko aktore eta antzerkigintzako aurpegi ezagunak izango dira Zestoan uztailaren 2an. Hain zuzen ere, Aizpea Goenagak, Olatz Beobidek, Erika Olaizolak eta Nerea Arriolak parte hartuko dute saioan, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikus-entzunezko produktuen kudeatzaile Zuriñe Maguregik egingo ditu moderatzaile lanak.
Zestoako Kultur Etxean izango da hitzordua, 17:30ean hasita, eta sarrera doakoa bada ere, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, Zestoako Turismo Bulegora jo beharko da, hara joanda edo 943-86 88 12 telefono zenbakira deituta.