Agiro mendi klubak antolatuta, Zestoako Mugak egitasmoko hirugarren eta azken etapa egingo dute ekainaren 26an, larunbata, Zestoatik abiatuta. Guztira, 22 kilometroko txangoa izango da Agirokoek antolatu dutena, eta Ibañarrieta, San Lorente, Arroabea, Arroaerreka, Endoia eta Sastarrain igaroko dituzte mendizaleek, ondoren, berriro, Zestoara itzultzeko. Irteera 08:00etan izango da, plazan.
Ibilaldia egin nahi dutenek izena eman beharko dute ekainaren 24a baino lehen, Zestoako Turismo Bulegoan. Izen-ematea hamar euro ordaindu beharko da; izan ere, txangoaren erdialdean hamaiketakoa egingo dute, eta amaieran, kamiseta bat banatuko zaie parte-hartzaileei. 16 urtetiko gorakoentzat izango da ibilaldia.
Zestoako mendi klubak apirilean jarri zuen martxan Zestoako Mugak egitasmoa. Pandemia garaietara egokitutako ekimena da, zestoarrei herriko mugak zeintzuk diren erakustea baitu helburu. Apirilaren 25ean egin zuten lehen etapa. Ordukoan, herrigunetik abiatu ziren mendizaleak, eta hamasei kilometroko ibilbidea eginda, Etumetan bukatu zuten txangoa. Bigarren etapa, berriz, maiatzean egin zuten; Etumeta eta Zestoa artean 22 kilometroko ibilbidea osatu zuten mendizaleek.