Zestoako Itxaropena dantza taldeko haurrek eta gaztetxoek ikasturte amaierako ekitaldia eskainiko dute ostiralean, ekainak 18. Aurtengoa urte ezegonkorra izan da dantzarientzat; izan ere, momentu askotan debekatuta egon dira entseguak, eta baimenak eman direnean ere, dantzarako nahiko baldintza mugatuak ezarri dituzte. Hala ere, zirrikituak aprobetxatu eta otsailetik aurrera entseatzen aritu dira dantzariak, eta azken hilabeteetan landutako zenbait dantza erakutsiko dituzte ostiralean; besteak beste, Gipuzkoan hain ohikoak izan diren soka dantzetako zenbait zati, brokel dantzako dantza batzuk edota jostaketa dantzak emango dituzte. Herriko hainbat musikariren doinuak eta erritmoak izango dituzte lagun.
Kiroldegian izango da saioa, 19:00etan hasita. Ekitaldia ikusteko ez dago aurrez izena eman beharrik, baina edukiera mugatua izango da; hau da, 200 lagun sartu ahal izango dira aretoan gehienez.