Aizarnak Errezili pasatu dio Eskola Txikien Jaiaren lekukoa

Julen Imaz eta Nerea Uranga 2021eko ekainaren 13a

Datorren urteko Eskola Txikien Jaia antolatzeko lekukoa Errezilgo San Martin Herri Eskolako ikasleek eta Toki Alai guraso elkarteak jaso dute Aizarnakoen eskutik. Aizarnakoek ezin izan dute Eskola Txikien Jai handia nahi bezala ospatu, pandemiaren eraginez. Dena den, gaur, Etumetan –Aizarnaren eta Errezilen arteko mugan— egin duten ekitaldi txikiarekin eta eguerdian Aizarnan bertan izandako jaialdiarekin gustura gelditu dira.

Iaz  antolatu behar zuten Aizarnan Eskola Txikien Jaia, baina pandemia hasi eta haien antolaketa lan denak zapuztu egin ziren. Orduan, aurten antolatzeko asmoarekin jarraitu zuten lanean, baina aurten ere ezinezkoa izan zaie festa handia egitea. Hala adierazi du 24 urtez Aizarnako Herri Eskolako zuzendaria den Aitor Zeberiok (Ataun, 1962): "Ezinbestean egoerara moldatu behar izan dugu, pandemiak eraginda. Guk iaz dena antolatuta geneukan festa beste modu batera egiteko, gune desberdinekin eta tamainaz handiagoakoa; ikusgarriagoa, nolabait". Dena den, egin duten jai txikiak pena merezi izan duela uste du Zeberiok, azken batean eskola txikien jaian herriko haurrak, gurasoak eta herritarrak direlako. "Aizarna herri txiki bat da, eta jaia antolatzeko orduan txikitasun horri heldu diogu. Bi urtez Eskola Txikien Jaia ezin eginda beste urtebetez luzatzeak ez zuela zentzu handirik pentsatu, eta jaiaren lekukoa Errezili pasatzea erabaki dugu. Uste dut erabaki horretan asmatu egin dugula".

Herria pizteko baliagarria

Eskola Txikien Jaiari lotutako ekitaldia aizarnarren artean egitea erabaki dute, batik bat "haurren ilusioari erantzuteko", hala esan dute Ane Aranburu (Azpeitia, 1986) eta Xabier Eizagirre (Aizarna, 1964) Aizarnan Eskola Txikien Jaia antolatzeko talde eragileko partaideek. "Ez genuen nahi ekitaldi handi bat antolatu, gauden egoeran gaudelako. Azken finean, antolatu dugun festa txiki honen helburua Aizarnako haurrek zuten ilusio hori asebetetzea izan da, Aizarnakoei bertakoei halako bizipoz bat emateko".

Herriak "berpizteko" balio izango luke Aizarnan Eskola Txikien Jai handia antolatzeko aukerak. Hala adierazi dute talde eragileko bi kideek: "Festa handia ez egitearen pena gelditzen zaigu. Izan ere, herri txiki batean horrelakoak antolatu beharrak berriro auzolana aktibatzen du eta herriko denei halako bizipoz bat sortzen die; adin guztietako herritarrek elkarrekin jarduteak herria pizten du. Alegia, horrelako erronkek herria indartzeko, batzeko eta indarberritzeko balio dute; zaila izango litzatekelako Aizarna bezalako herri txiki bat eskolarik gabe imajinatzea".

"Herri mailako erronka"

2022ko ekainaren 12an ospatuko da Errezilen Gipuzkoako Eskola Txikien jaia. Errezilgo Toki Alai guraso elkartekoek gaur jaso dute festa antolatzeko lekukoa Aizarnakoen eskutik, Etumetan. Aloña Arrillaga (Orexa, 1976) Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko kideak esan du "pozez eta arduraz" hartu dutela Errezilen jaia antolatzeko lekukoa. "Herri mailako erronka" izango dela adierazi du Arrillagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide