Aizarnakoen eskutik jaso dute Errezilgoek Eskola Txikien jaia antolatzeko lekukoa

Nerea Uranga 2021ko eka. 13a, 12:43

Ezohiko moduan jaso dute gaur Errezilgo San Martin Herri Eskolako Toki Alai guraso elkartekoek datorren urtean Eskola Txikien jaia antolatzeko lekukoa. Aizarnako guraso elkartekoen eta Eskola Txikien jaia antolatzeko osatutako talde eragilekoen eskutik jaso dute Etumetan egin duten ekitaldian. Ondoren, eguerdian, Aizarnan bertan ekitaldia egin dute Aizarnako Herri Eskolako kideek eta Eskola Txikien Jaia antolatzeko lanean jardun duen Aizarnako talde eragileko partaideek.

2022ko ekainaren 12an ospatuko da Errezilen Gipuzkoako Eskola Txikien jaia. Errezilgo Toki Alai guraso elkartekoek gaur jaso dute festa antolatzeko lekukoa Aizarnakoen eskutik. Pandemiaren ondorioz, ezin izan dute ohi bezala jaia antolatu Aizarnakoek, baina Etumetan jai giroan eta dozenaka herritar bilduta egin dute lekukoa pasatzeko ekitaldia. Herriak bizirik izateko eskola txikiek dute garrantzia nabarmendu dute ekitaldian. Dozenaka herritarrek parte hartu dute ekitaldian, baita txistulariek eta dantzariek ere.

Ondoren, Aizarnan jaialdia egin dute Aizarnako Herri Eskolako ordezkariek eta Aizarnan Eskola Txikien Jaia antolatzen aritu den talde eragileko partaideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide