Nolatan iritsi zaizu Preferente mailako gizonak entrenatzeko proposamena?
Aurtengo denboraldian talde horren bigarren entrenatzailea izan naiz; Berdaitz Landa entrenatzailearen ondoan aritu naiz laguntzaile gisa. Aurreneko entrenatzaileak martxoan-edo esan zuen ez zuela ardura horretan jarraituko, eta ondoren, zuzendaritzak niri proposatu zidan haren lekukoa hartzea. Egia esan, gustura hartu nuen proposamena.
COVID-19a tarteko, denboraldi konplikatua izan da 2020-2021ekoa.
Bai, hala izan da, denboraldi oso arraroa. Izan ere, Zestoako gizonen taldeak denboraldiari ekin zion arren, berehala gelditu zen bertan behera txapelketa. Urria amaieran-edo jokatu genuen lehen partida, eta jardunaldi hura amaitzean, bertan behera gelditu zen denboraldia. Partida bakarra jokatu dugu azken sasoian. Gero, aukera eman ziguten inguruko herrietako futbol taldeekin kopa moduko bat jokatzeko, baina zuzendaritzak erabaki zuen ez parte hartzea. Urte zaila izan da, ez baitugu ia partidarik jokatu, nahiz eta entrenatzen jarraitu dugun. Taldean ere eragina izan du horrek; izan ere, lehen futbolean jarraitu edo ez zalantzan zegoenari are zalantza gehiago eragin dizkio bizitako egoerak. Ea hurrengo urtean jendea gogotsu dagoen.
Hainbeste denbora partidarik jokatu gabe egonda, nahiko erronka potoloa izango duzu datorren urtean, ezta?
Bai. Ez da gauza bera maiatzean edo ekainean denboraldia bukatu eta abuztuan hurrengo sasoiarekin hastea edo geldirik egon ostean denboraldiari ekitea. Azkenean, ia urte oso bat jokatu gabe daude futbolariak.
Beraz, haiei egurra ematea tokatuko zaizu.
Bai, pixka bat bai [barreak].
Zer moduzko artaldea daukazula esango zenuke?
Iruditzen zait giro ona daukagula taldean. Herri txiki bateko futbol taldea da gurea, eta talde giro polita dugu. Urte asko taldean dabiltzanekin eta gazte batzuekin osatu dugu taldea, eta kuadrilla polita dela esango nuke.
Denak zestoarrak al zarete?
Hiru bat-edo izango dira zestoarrak ez direnak, inguruko herrietatik etorritakoak. Dena den, gehienak bertakoak dira.
Zer lortu nahiko zenuke datorren denboraldian?
Hasteko, mailari eustea. Duela bi urte igo zen mailaz taldea, eta berez, joan den sasoia izango zen mailari eusteko urtea. Baina dena bertan behera gelditu zen, eta... Beraz, datorren denboraldiko helburua izango da mailari eustea. Horrez gain, jendea gustura ibiltzea nahiko nuke, jokalariek futbolarekin gozatzea. Dena den, taldean 20-22 jokalari egonda, zaila da denak entrenatzailearekin gustura egotea. Ni futbolean ibilitakoa naiz, eta zaila izaten da denen gustua egitea; batzuek ez dute jokatzen, besteek gutxi... baina erabakiak hartu egin behar dira, eta normalean ez dira izaten denen gustukoak. Helburuak horiexek dira: talde giro ona izatea, mailari eustea gutxienez –zerbait gehiago lortuko bagenu hobe– eta jendeak futbolerako gogoari eustea.
Eta iaz baino partida gehiago jokatzea ere bai, agian?
Bai, denboraldi normal bat izatea nahiko genuke.
Sekula aritu izan al zara entrenatzaile?
Ez. Futbolean jokatzen aritu nintzen hainbat urtez, eta gero, lauzpabost urtez egon naiz futbola erabat utzita. Iaz eskaini zidaten bigarren entrenatzaile aritzea, eta ikusi nuen aukera polita izan zitekeela futbolaren mundura itzultzeko. Dena den, bigarren entrenatzaile aritu naizen denbora horretan ezin izan dut asko gozatu, denboraldi arraroa izan delako, eta orain gustura hartu dut entrenatzaile izateko proposamena. Dena den, era berean, konpromiso handia sentitzen dut; izan ere, sekula ez naiz aurrez zeregin horretan aritu. Ez dut ezagutzen entrenatzaileen mundua, orain arte jokalari izan naizelako, baina gogotsu nago.
Realean, Lagun Onaken, Zestoan eta Zarautzen jokatutakoa zara. Hala eta guztiz ere, denboraldi luzea egin duzu futbola albo batera utzita. Zergatik?
Lagun Onaken jokatzetik Zestoara itzultzea erabaki nuen duela urte batzuk, futbolaz beste era batera gozatzeko; hau da, futbola lagun talde gisa hartu eta giro onean ibiltzeko. Dena den, belauna apurtu nuen denboraldi hartan. Orduan, ez nuen gozatzeko aukerarik izan, eta orain aukera hori baliatu nahi dut entrenatzaile gisa.
Beraz, aukera paregabea duzu futbolarekin adiskidetzeko.
Hori da.