Osinbeltz harrobia txukundu egingo dute eta Zestoako Udalaren esku geldituko da

Urola Kostako Hitza 2021eko ekainaren 11

Canteras de Zestoa enpresak eta udalak akordioa sinatu dute; hitzarmenaren arabera, Osinbeltz harrobia hustu egingo dute eta udalaren esku geldituko da bost hilabeteko epean. Ondoren, herri erakundeak aztertuko du zer egin eremu horretan. 

Zestoako Osinbeltz harrobia udalaren esku geldituko da eta txukundu egingo dute; hori jaso zuten atzo –osteguna– herri erakundeak eta Canteras de Zestoa enpresak sinatutako akordioan. Hitzarmen horren arabera, enpresak bost hilabeteko epea izango du eremua  udalaren esku uzteko. Akordioa sinatu izana "albiste ona" dela azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak: "Harrobia txukuntzean, herriarentzako erabilgarri izan daiteke eremu hori. Aisialdiari lotutako zerbaitetarako erabil daiteke, eta balioa emango zaio guneari".

Ez dira berriak Osinbeltz harrobia udalaren esku uzteko asmoak. Izan ere, Osinbeltz Harrobiaren Lehengoratze Plana gauzatu zuten 2009an, baina ez aurrera, ez atzera gelditu zen proiektu hori. Orain, ordea, egitasmo berri bat garatu dute harrobia udalaren eskuetara pasatzeko. Alkateak azaldu duenez, urteotan guztietan landareek indar handia hartu dute, baina orubea garai bateko industria hondakinez beteta dago. Horregatik, Canteras de Zestoa enpresak eremua  txukundu, makinaria desmuntatu eta ingurua garbitu beharko ditu; zehazki, azarora bitartean harrobia hustu beharko du. Behin harrobia udalaren esku gelditu ostean, erakundeak aztertuko du zer egin eremu horretan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide