Ezkaizto elkarteak eta Arroako eskolak antolaturiko III. Ipuin Lehiaketak baditu saridunak; gaur, asteartea, egin dute sari banaketa Arroabean. Aurten, guztira, hemezortzi ipuin aurkeztu dituzte lehiaketara, eta lanak hiru mailatan banatuta egon dira, aurreko edizioetan bezalaxe. Aurtengo lehiaketaren epaimahaia Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek eta Aitziber Elizaran Arroako eskolako irakasleak osatu dute.
LH 1 eta 2 mailetako kategorian Leire Egaña izan da saritua Dinosaurio txikia galduta ipuinarekin. Epaimahaiaren arabera, "irudimen handia" erakusten du Egañaren ipuinak, eta "ondo harilkatuta" dago istorioa. Maila horretan aipamen berezi bat ere egin dute epaileek, Alex Arangurenen Txiki galdu egin da ipuinarena, hain justu.
LH 3 eta 4 mailetako kategorian, June Garizarenak idatzitako Juneren liburu magikoa ipuina saritu dute, besteak beste, "irudimena eta errealismoa uztartzeko moduagatik". Horrez gain, Garziarenak istorioan "otsoaren papera irauli" egiten duela nabarmendu dute epaileek, eta "amaiera biribila" ematen diola ipuinari.
LH 5 eta 6 mailetako kategorian, berriz, Alaitz Uranga izan da irabazlea, Ametsen lurraldea ipuinarekin. "Istorio originala da, ondo idatzitakoa eta landutakoa, eta kontzeptu fantastikoa ondo transmititzea lortzen du", azaldu dute epaimahaiko kideek.
Arroako eskolaren webgunean irakur daitezke lehiaketara aurkeztutako lan guztiak.
Hona hemen sari banaketako argazkiak: (Ezkaizto elkartea)