Ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean egingo dute Zestoako Antzerki Astea, Eromen produkzioakek antolatuta. Kokaleku berria izango du aurtengo antzerki asteko agertokiak, izan ere, Caravan Parkeko pabiloian egingo dituzte antzezlanak. Antzerki emanaldiez gainera, uztailaren 2rako, emakume sortzaileen inguruko mahai ingurua antolatu dute. Solasaldi hori, ordea, Kultur Etxeko aretoan izango da.
Denera, zazpi antzerki emanaldi eta bost obra izango dira aurtengo Zestoako Antzerki Astearen barruan. Zestoako Antzerki Eskolako ikasle helduek Guateke antzezlana estreinatuko dute ekainaren 29an, eta obra horren hiru saio egingo dituzte hiru egunetan. Obra Iñigo Dierez azkoitiarrak idatzitakoa da eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutakoa. Antzerki eskolako gaztetxoek, berriz, uztailaren 4an estreinatuko dute prestatuta duten Santiaga obra. Kasu horretan, antzezlanaren zuzendarua Mikel Ibarguren da.
Zestoako antzerki eskolako taldeen emanaldiez gainera, beste hiru antzerki lan izango dira Zestoako Antzerki Astean. Lehen egunean, hilaren 28an, Lesakako Mairu antzerki tailerrekoek Iluntzen antzezlana egingo dute. Uztailaren 2an Artedrama konpainiaren Atzerrian lurra garratz obra ikusteko aukera izango da, eta hurrengo egunean, uztailaren 3an, Xake produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona. Antzezlan horrek jaso du aurten Donostia Antzerki Saria.
Sarreren salmenta
Antzezlanak ikustera joateko sarrerak ekainaren 8an jarriko dituzte salgai Zestoako Turismo Informazio Bulegoan. Dena den, elkarteko kideek aurretik salduko dituzte sarrerak, bihar ostirala iluntzean eta larunbat eguerdian. Sarrera bakoitzak zortzi euro balioko ditu, eta lau antzezlan ikusteko txartelak 26 euroko prezioa izango du. Gaztetxoek egingo duten emanaldirako sarrera, berriz, bi euro izango da. Uztailaren 2rako antolatutako mahai ingururako sarrera doan da, baina aurrez izena eman behar da Turismo Bulegoan.
ZESTOAKO ANTZERKI ASTEAREN EGITARAUA:
- Ekainak 28, astelehena. Iluntzen antzezlana, Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerreko kideekin. 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Ekainak 29, asteartea. Guateke antzezlana, Iñigo Dierezek idatzitakoa eta Amancay Gastañagak zuzendutakoa. 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Ekainak 30, asteazkena. Guateke obra, 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Uztailak 1, osteguna. Guateke 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Uztailak 2, ostirala. Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen, mahai ingurua. Zuriñe Maguregik gidatuta. 17:30ean, Kultur Etxeko aretoan.
- Uztailak 2, ostirala. Atzerrian lurra garratz antzezlana, Aktoreak: Ander Lipus eta Laura Penagos. Zuzendaria: Amancay Gaztañaga. 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Uztailak 3, larunbata. Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioak. Aktoreak: Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain. Zuzendaria: Getari Etxegarai. 20:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.
- Uztailak 4, igandea. Santiaga antzezlana egingo dute antzerki eskolako gaztetxoek, Mikel Ibargurenek zuzenduta. 12:00etan, Caravan Parkeko pabiloian.