Aurten ere Eskola Txikien Festa bertan behera uztea erabaki dute Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak eta Aizarnako antolatzaileek. COVID-19a zela eta, iaz bertan behera utzi behar izan zuten jaia. Orain, pandemiaren egoera ez dela "asko samurtu" adierazi dute. Ekainaren 13an egitekoa zen festa, eta 2022ko ekainera atzeratu dute, ordurako antolatu ahal izateko esperantzaz. Errezil izango da hurrengo urteko jaia antolatzeko arduradun.
Aizarnarrek, baina, lekukotza pasatuko diete errezildarrei ekainaren 13 goizaldean, igandez, egingo duten "ekitaldi xume" batean. Etumetan elkartuko dira 10:00etan, bi herrien muga artean. Lekukotza pasatu ostean, 12:30ean, Aizarnako plazan oholtza bat muntatuko dute, eta han jarraituko du ekitaldiak. Aizarnako ikasleak izango dira "protagonista" bertan.
Jaiaren nondik norakoak
Aurkezpen batekin hasiko dute Etumetako ekitaldia, eta ikasleek egingo dute hitz ondoren. Aizarnako euskal dantzetako ikasleek aurreskua egingo diete errezildarrei; errezildarrak trikitia eta panderoa jotzen arituko dira. Aizarnako plazan, ikasleek girotuko dute ekitaldia. Hitza ere hartuko dute ikasleek, ikasle ohi batek zein eskolako zuzendariak. Amaiera emateko, herrian zintzilikatu duten muralera joango dira, Ander Hormazuri margolariarekin batera landutako proiektua aurkezteko.