Agiro mendi klubak antolatuta, Zestoako Mugak egitasmoko bigarren etapa egin zuten larunbatean, eta herritar ugarik parte hartu zuten. Etumeta eta Zestoa artean 22 kilometroko ibilbidea osatu zuten mendizaleek. 08:00etan elkartuko ziren Gurutzean, eta handik Etumetara autobusez joango ziren. Etumetatik Altzola, Urdaneta, Indamendi eta Aizarnazabal igarota iritsiko ziren berriz ere Zestoara. Urdanetan hamaiketakoa egiteko aukera ere izan zuten parte hartzaileek, Agirok eskainita.
Zestoako mendi klubak joan den hilean jarri zuen martxan Zestoako Mugak egitasmoa. Pandemia garaiotara egokitutako ekimena da, zestoarrei herriko mugak zeintzuk diren erakustea baitu helburu. Apirilaren 25ean egin zuten lehen etapa. Ordukoan, herrigunetik abiatu ziren mendizaleak, eta hamasei kilometroko ibilbidea eginda, Etumetan bukatu zuten txangoa. 70 lagunek parte hartu zuten.
Gauzak ondo bidean, hirugarren etapa bat gauzatzeko intentzioa ere badute Agiroko kideek. Oraindik egunik zehaztu ez duten arren, ekainean izango litzateke hori, eta IbaƱarrietan hasi eta herrigunean bukatuko lukete ibilaldia, San Lorente, Arroa Behea, Presalde eta Endoia igarota.