Eskualdeko bederatzitik zortzi sailkatu dira Binakako Euskal Pentatloiaren finalera

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 30a

Izeta III.ak eta Izeta IV.ak osatutako bikoteak bigarren denborarik onena egin zuen atzo Tolosan jokatutako kanporaketan. Peñagarikano-Etxeberriak, Goenatxo III.a-Larrañagak eta Otaegi-Txapartegik ere lortu dute txartela. Eizmendi, aldiz, finaletik kanpo gelditu da.

Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatu zuten atzo Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Urola Kostako bederatzi kirolari lehiatu ziren ekainaren 20an, 17:00etan, toki berean jokatuko den finalerako txartelaren bila, eta zortzik lortu zuten helburua.

11 bikotek hartu zuten parte kanporaketan, jokoan ziren finaleko sei postuen bila. 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman, giza-proban 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, aizkoran bi kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu eta korrika bi kilometro egin behar zituzten bikoteek atzo. Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a bizkaitarrak izan ziren lan guztiak bukatzen azkarrenak (18 minutu eta 16 segundo). Bigarren denborarik onena, berriz, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrek osatutako bikoteak egin zuen (18'24''). Iñaki Errazkinek eta Aratz Mugertzak (18'44''), Kepa Peñagarikano azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak (18'56''), Mikel Larrañaga azpeitiarrak Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak (19'09''), eta Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrek (20'09'') osatu zuten, hurrenkera horretan, finalerako txartela lortu zuten sei bikoteen multzoa.

Beñat Amade eta Aritz Irazabal (20'20''), Xabier Urrutia eta Julen Kañamares (21'45''), Mikel Agirre eta Ousmane Drame (22'14''), Jose Martin Bustinza Tubi eta Jokin Eizmendi zarauztarra (23'27''), eta Julio Jimenez eta Daniel España (26'09''), aldiz, finaletik kanpo gelditu ziren.

Atzoko saioaren argazki bilduma osoa ikus daiteke Tolosaldeko Ataria webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide