Urrestillan sortua, duela hiru urtetik Zestoan bizi da Pako Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963). Ondo egokitu da bizileku berrira. "Oso jende adeitsua aurkitu dut, oraindik ere ezezagunak agurtzeko ohitura gordetzen duena. Hemen, ezezagunari ere ‘egun on’ esaten zaio, eta hori Azpeitian galdu egin da. Hori asko gustatzen zait, ematen dizu bizitzeko inguru emotibo bat. Errespetuzkoa".
Zazpigarren poesia liburua duzu Ni eta Gu. Zer dauka ezberdina aurreko lanetatik?
Zazpia zenbaki magikoa da kultura askotan, eta badu bere garrantzia zifra horrek. Niretzat harrigarria da nik zazpi poesiazko liburu idatzi izana, idazten hasi nintzenean ez nuelako pentsatzen nire barruan hainbeste poema egon zitezkeenik, hainbeste ahalmen gauzak sortzeko. Urteak pasatu dira, eta lan honek balio izan dit atzera begiratzeko. Zer dauka berezia? Dena dauka berezia edo ezberdina, eta aldi berean, ezer ez. Liburu bat beti da zure bizitzako momentuaren argazki bat: idazten duzun horretan islatzen da zu zer ari zaren bizitzen, zure barruan zer kezka edo gatazka dauden, zer aldaketa ari diren gertatzen... Nik argazkiak atera dizkiet paisaia eta pertsona batzuei, baina liburu hau ere bada nire argazki bat; berak niri argazkia atera dit. Eta hori dago islatuta: nik bizitzan daramadan eboluzioan orain zer momentutan nagoen.
Kalea, jendea, ageri da olerkietan.
Nire poesia beti izan da narratibo samarra, baina lan honekin guztiz jaitsi naiz kalera: Zestoan, Getarian, Orion... ibili naiz. Kaleko jendearen istorioak jasotzen saiatu naiz, niri interesgarriak iruditu zaizkidanak. Poesia beti da zure gogoetaren ispilu bat, baina hau, era berean, lekukotza liburu bat da, benetako pertsonen istorioak daudelako kontatuta. Hori dauka berezia liburu honek, lekukotza hori.
Zure ama, Juanillo zestoarra, kafetegiko zerbitzaria... aipatu dituzu poemetan.
Pertsona batzuen bizitzak daude liburuan, baina beste batzuk fikzionatu ere egin ditut. Problematikoa da benetako pertsona bati buruz idaztea liburu batean; izan ere, berari baimena eskatu behar diozu. Horregatik, poemak idatzi eta protagonistei erakusten ibili naiz, eta denek eman didate baimena argitaratzeko.
Esperientzia berezi bat bizi izan duzu, beraz.
Bai. Nik uste nuen jendeak baziola beldur pixka bat liburuetan ateratzeari, baina ikusi dut jendeak nahi duela agertu. Emakume batek, esaterako, hogei urte daramatza Getariako hondartza garbitzen, eta gustatu egiten zaio lan hori; berak esaten du hondartza garbitzea mundua garbitzea bezala dela. Esan zidan berarentzat sekulako aitorpena zela liburuan agertzea.
Liburuak badu kutsu berezi bat.
Nahiko liburu kolektiboa dela esango nuke. Ni eta gu; bi atal horiek daude. Ni horrek bere gogoetak egiten ditu, bizitzan gozatu eta sufritu dituen gauzei buruz, nola ikusten duen etorkizuna... Baina gero gu agertzen da, kolektibo bat, eta ni ni naizen arren, kolektibo baten baitan funtzionatzen dut. Nik egiten dudanak eragina dauka besteengan, eta besteek ere bai nigan; orduan, etengabekoa da elkarreragina. Askotan elkarreragin hori txarra izaten da, gu hori maiz erreprimitzailea izaten delako. Egin nahi dituzun gauzen aurrean, zera esaten dizu: "Ez, hori ez da egokia". Nik, adibidez, idazle izan nahi nuen, eta inork ez ninduen animatzen horretara. Ni eta gu horren artean beti dago borroka bat, eta bi hari horiek daude liburuan. Ni ez naiz ni bakarrik sekula, beti daude gu batzuk bueltan. Senideak, lagunak, bikotekidea... gu askoren bueltan pasatu ohi dugu bizitza, eta niri gustatzen zait ni horrek bere autonomia mantentzea. Gu horrek ezartzen dituen baldintzak gainditzen dituen jendea da niretzat interesgarria, gu horren gainetik bere bidea egiten duena, nortasun propioa eraikitzen duena. Eta ez gu horren azpian, tradizioa jarraituz, gauzak egin behar diren bezala egiten dituena; jende hori ez zait interesgarria iruditzen, aspergarria baizik.
Iraganera begira ere jarri zara.
Bai. Liburuaren bukaeran ama hiltzen da. Gurasoak hiltzen zaizkizunean –niri ja biak hil zaizkit–, beti sortu ohi da iraganera begiratzeko joera. Haiek desagertzean, bakarrik bezala geratzen zara horizontearen aurrean. Liburuan badago iraganera begirada bat; iraganean pentsatzen genituen gauzak, umeak ginenekoak... agertzen dira. Esaldi oso polit bat ere badago: "Zu izan zinen umeak atzetik jarraitzen dizu bizitza osoan, eta zahartzen zarenean harrapatzen zaitu". Idazle bati irakurri nion, eta ez dut gogoan nori. Eta egia da dioena: zahartzen zarenean berriz ume bihurtzen zara; gurasoekin ikusi dut hori. Gu ibili gara gure gurasoei janaria ahora eramaten, paseatzera ateratzen, pixoihala aldatzen... Haiek gurekin umeak ginenean egin zutena guk egin dugu haiekin zahartutakoan, gu bihurtu gara haien guraso. Buelta ematen du kontuak, eta sentipen hori polita da, bitxia. Konturatzen zara zein den bizitzaren eboluzioa. Bizitza oso aldakorra da.
Umetan beti egon ohi da begirada garbiagoa, ni indartsuagoa.
Umetako inozentzia horretan, kutsatu gabeko pentsamenduak izan ohi dira. Gizarte kontsumista kapitalistaren pentsamenduekin kutsatu gabe egoten da haurra: dena izaten da borondate ona, besteari laguntzea, aurreiritzirik eza... Oso polita da hori. Bada jendea gero ere gauzekiko begirada garbi hori mantentzeko gaitasuna daukana, etiketarik gabe bizitzekoa. Umeen begirada hori mantentzearen aldeko defentsa bat-edo egin dut.
Aipatu duzu poemak norbera bizitzen ari den momentuaren isla direla, argazki bat. Gaur egun, zer momentutan dago Pako Aristi?
Ez dakit, zaila da hori definitzen. Baina urteetan aurrera noa, 58 urte egingo ditut, eta nire lan bizitzaren bukaerara hurbiltzen ari naiz, nahiz eta idazten jarrai dezakezun buruak funtzionatzen duen arte. 60 urteren buelta hori bada inflexio puntu bat, badaukat sentimendu hori. Idazteari ez diot sekula utziko, baina agian bai modu profesionalean aritzeari: hitzaldiak emateari, ikastoletara egiten ditugun bisitei... Era berean, sentitzen dut aseta bezala nagoela izan dudan oihartzunarekin. Ezer espero gabe hasi nintzen idazten, eta ikusi dut nolabait leku bat egin zaidala Euskal Herrian; hori niretzat espero nuena baino askoz ere gehiago da. Ez dut beste saririk edo aitortzarik behar, erabat aseta sentitzen naiz izan dudan onarpenarekin. Horrez gain, egoa desagertzen bezala sentitu dut. Gaztetan zerbaitetan ona zarela sentitu behar duzu, hori da egoak agintzen dizuna, eta borroka egiten duzu leku bat hartzeko. 40 urtetik aurrera, ego hori desagertzen joan zait; indarra galtzen joan da, eta patxada ekarri dit horrek.
Orain gehiago idazten duzu zuretzako?
Ez, besteentzat idatzi izan dut beti, irakurlearengan pentsatuz. Beti saiatu izan naiz irakurleari gako batzuk ematen, hark testua hobeto uler dezan. Askok esan didate: "Zure poesia ulertu egiten da". Eta niretzat hori da laudoriorik handiena. Nire olerkiek badute konplexutasuna, sakontasuna, baina askotan esan izan didate ulertzeko moduan daudela idatzita, eta justu hori da ni egiten saiatu naizena.
Kazetaria zarelako, agian?
Zalantzarik gabe. Nire joera hori izan da: kazetaritzaren gardentasuna literaturara eramatea.