Zestoako Udalak herritar bati 410.000 euro ordaindu beharko dizkiola ebatzi du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak

Anartz Izagirre 2021eko maiatzaren 26a

Ekainberri museoa eraiki aurretik hitzarmen bat sinatu zuen udalak lur jabeekin, eta museoko lanpostu bat negoziatu zuen horiekin. 2017. urtean udalaren aurkako demanda aurkeztu zuen herritar horrek, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erakundearen aurkako ebazpena berretsi du orain. Mikel Arregi Zestoako alkatearentzat "bidegabea" da erakundearen aurkako epaia.

Zestoako Udalak 410.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio herritar bati. Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erakundearen aurkako ebazpena berretsi du orain dela 22 urte herritar bati egindako promesagatik. Hain zuzen ere, Ekainberri museoa eraiki aurretik —1999. urtean—, udalak hitzarmen bat sinatu zuen lur jabeekin, eta horien familiako bati museoan lanpostua eskaintzea hitzartu zuten bertan. Orduztik, udaleko hainbat agintalditan hitzarmen horren inguruko "gorabeherak" izan direla nabarmendu du udalak, baina 2017. urtean heldu zen erakundearen aurkako demanda.

Joan zen agintaldiaren amaieran epaiketa izan zuen udalak Azpeitiko epaitegian, eta herritarrari 500.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuten erakundea, lur jabeekin hitzartutakoa ez betetzeagatik. Orain, berriz, Azpeitiko epaiaren zati handiena berretsi du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, herritarrari lanpostua ez bermatzeagatik.

Udalak agerraldia egin du zigorraren xehetasunak emateko, eta erakundearen aurkako epaia "bidegabea" dela adierazi du Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkateak. "Zestoako Udalak eta herritarrok ez genuen horrelakorik merezi; 410.000 euro sekulako dirutza da". Egoera horren aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-helegitea jartzearen aukera jarri du alkateak mahaigainean: "Oso aukera estua da, baina azken muturreraino borrokatuko gara injustizia honen aurka". Horrez gain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren erabakiak udalaren egonkortasun ekonomikoan "eragina" izango dezakeela azpimarratu du Arregik. "Lanpostu hori udal honetan ez da sekula egon, eta beraz, lanik egin ez izanagatik dirutza hori ordaindu behar izatea, ez da batere justua", gehitu du.

Bestalde, Arregik adierazi du udala "egoera ekonomiko saneatu batera eramateko gaitasuna" erakutsi dutela, eta zigorrak zigor, "eginahal guztiak" egingo dituztela kalte-ordainak "udalari, udalaren egonkortasun ekonomikoari eta Zestoako herritarrek jaso beharreko zerbitzuei" eragin ez diezaien.

Bihar, udalbatzarra

Udalak joan zen apirilaren 29an egindako udalbatzarrean eman zuen auzibide horren berri, eta kalte-ordainak udalaren egoera ekonomikoan izan dezakeen eraginaz aritu ziren. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren berrespena jakin berritan, bihar, osteguna, 20:00etan hasiko den udalbatzarrean landuko dute berriro gai hori; "M.K.ren erreklamazio patrimonialaren erabakiari buruzko berraztertze errekurtsoa" puntuan hitz egingo dute horretaz, hain justu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide