“Israelgo estatu terrorista, hamarkada luzeetan zehar, Palestinako herriaren aurka ematen ari den genozidio jarraituaren beste pauso baten aurrean aurkitzen gara. Tentsio egoera eta sarraski berri honek, Jerusalemgo hiriaren ekialdean Israel ematen ari den judaizazio prozesuan eta Al Aqsako mezkitaren aurkako erasoetan du jatorria, zeinak Israelen jarrera erasokor iraunkorra argitan uzten duen", adierazi dute kontzentrazioaren deitzaileek. Era berean, palestinarren defentsarako askatasuna aldarrikatu dute: "Eraso berri hauen aurrean, Palestinar erresistentziako fakzio ezberdinek erantzun egin zuten, beren autodefentsarako eskubide ukaezina erabiliz. Erantzun horren aurrean, Israelgo estatu sionista, bere potentzia militar erraldoia erabiliz, sekulako sarraskia egiten ari da, Gazako oinarrizko infraestrukturen nahiz herritarren aurka, ospitalak suntsituz, hildako eta zauritu uholde izugarriak sortuz".
Egoera horren aurrean, komunitate internazionalak eta NBEk "historikoki Israelgo estatuaren aurrean erakutsi duten pasibitatea" nahiz "bloke okzidentalak" –EEBB, NATO, Europar Batasuna... estatu sionistarekin duten "konplizitatea" salatu dute gaurkoan. "Israel inperialismo yankiaren interesak ekialde hurbilean ziurtatzeko oinarrizko aliatu baita mundu mailako jokaleku geopolitikoan", gaineratu dute. Amaitzeko, elkartasun internazionalaren aldarria zabaltzeko probestu dute gaurko elkarretaratzea: "Hamarkadetako genozidio jarraituaren eta eraso berri honen aurrean eta munduko zapalduon arteko elkartasun internazionalistaren izenean, ezinbestekoa deritzogu Israelgo estatuaren izaera terrorista eta faxista salatu eta sarraski hau jasaten ari den Palestinako herriari nahiz egoera honekin amaitzeko borrokan ari direnei, gure elkartasunik beroena adieraztea”.