Jagoba Astiazaran zestoarraren eta Iñaki Sastreren Arineketan ikuskizunarentzat izan da 2021eko Musika Bulegoa sarietako bat. Atzo banatu zituzten sariok, Biarritzeko Atabal aretoan. "Bertoko artista, talde edo musika proiektuek aurreko urtean egindako lana saritzea" da Musika Bulegoa Sariak ekimenaren xedea; aurten, guztira 107 proposamen jaso ditu sariotarako Euskal Herriko Musika Bulegoak, eta horietatik hamarrek jaso dute saria: Fernando Mikelarenaren eskultura bat eta 2.000 euro. Korrontzi, Ander Tellería, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya eta EKE Euskal Kultur Erakundea izan dira beste bederatzi sarituak.
Iaz plazaratu zuten Astiazaranek eta Sastrek, txistua eta pianoa uztartuta, Arineketan diskoa, dantzarako piezaz betea. Hura aurkezteko, musika, kantua eta dantza batzen dituen ikuskizuna ondu zuten Astiazaranek eta Sastrek; besteak beste, Ainara Ortega abeslariak eta Haatik dantza taldeak parte hartzen dute diskoaren izen bera duen eta atzo saritu zuten ikuskizunean. Arineketanen "originaltasuna eta ideia abian jartzeko gaitasuna" goraipatu ditu Musika Bulegoa sarietako epaimahaiak.