Udako egitaraua prestatzeko bigarren bilera irekia egingo du ostegunean Zestoako Udalak

Andoni Elduaien 2021eko maiatzaren 17a

Hasiera batean asteazkenerako aurreikusi zuten bilera, baina azkenean ostegunean egingo dute Kultur Etxearen atarian. Udarako egitaraua osatu nahi du udalak herritarren proposamenekin.

Udako egutegia prestatzen jarraitzeko, datorren ostegunean, maiatzak 20, 'Udan zer Zestoan?' bileren bigarren saioa egingo dute 19:00etan, Zestoako Kultur Etxearen atarian. Maiatzaren 5ean egin zuten lehen bilera, eta ostegunean ekainetik urrira bitarteko kultur egutegia finkatu nahi dute bilera parte hartzailearen bitartez. Horretarako, Zestoako Udalak ekarpenak egin nahi dituzten herritarrei bilerara proposamenak eramateko eskatu die.

Udalak jakinarazi duenez, "hogei bat emanaldi" antolatu nahi dituzte datorren hilabetetik urrira bitartean, "astean ekitaldi bat edo beste". Iaz egin zuten moduan, aurten ere ume eta gaztetxoentzako "aukera zabala" prestatuko dutela iragarri du udalak. "Ikus-entzunezko bat edo beste izarpean ikusteko aukera izango da, eta jakina, musikak tarte berezia izango du. Kirolak ere izango du bere lekua udako ekitaldi horietan", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide