Denda baten irekierak gutxitan hartzen du albiste tamaina, baina badira albiste izateko neurria duten denda irekierak. Bihar, janari denda irekiko dute Arroa Behean, eta bada albiste berez, aspaldiko urteetan horrelakorik ez dutelako izan Arroan. Gainera, badu beste berezitasunik denda berriak, "herritarrei irekita" egongo den proiektua izateko asmoarekin jaio baita.
"Orain dela urte batzuk egon zen denda bat irekita. Estankoa ere itxi egin zen, eta han ere saltzen zituzten jaki batzuk. Azken urteetan ez da ezer egon. Bi taberna eta soziedadea bakarrik daude Arroan", kontatu du Maia Ossak. Bera da Txara kooperatibaren sorzaileetako eta hasierako bazkideetako bat, Aitor anaiarekin, Pili Perurenarekin eta Ainhoa Aranberrirekin batera. Laurak Arroa Beheko biztanleak eta auzo elkartearen inguruan ibiltzen direnak dira, Arroa Beheari "bizia emateko" martxan egon diren eta dauden egitasmoetan era batera edo bestera inplikatutakoak, eta janari dendaren eta kooperatibaren proiektua ere ahalegin horretan kokatu du Ossak. "Arroan ez dago janari dendarik. Derrigorrez joan behar zara Zumaiara edo Zestoara, kotxea hartuta gehienetan, hori da daukagun ohitura eta beste erremediorik ere ez daukagu. Behar garrantzitsua zegoen, asetu behar zena, eta hori izan da proiektuaren abiapuntua".
"Denon proiektua"
Duela urtebete inguru piztutako ideia batetik abiatuta iritsi dira bihar ateak irekiko dituen denda proiektua gauzatzera. Bidean, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziaren laguntza izan dute, "ideia hobeto garatzeko" eta asmoari forma emateko. Prozesu horretan, herritarren artean egin zuten galdeketa izan zen lehen pausoetako bat. Horrelako proiektu batek zer erantzun edo zer harrera izango zukeen jakin nahi zuten sustatzaileek, eta jaso zuten erantzunak aurrera egitera bultzatu zituen. "Herrian ezer ez izatetik zerbait izatera, suposatzen zen jendeak ondo hartuko zuela", dio Ossak.
Denda bat irekitzea negozio bat martxan jartzea da, baina Txarako kideek "hasiera-hasieratik" izan zuten garbi beraiena ezin zela negozio arrunta izan: "Pentsatu genuen gurea ez zela izan behar dirua irabazteko asmo hutsa izango zuen enpresa arrunta. Proiektua ahalik eta parte-hartzaileena izatea nahi genuen, herriari irekitakoa, nolabait. Horregatik aukeratu genuen kooperatibaren formula, herritarrek bazkide egiteko aukera izateko eta batzarretan erabaki estrategikoetan parte hartu ahal izateko. Denon proiektua dela sentitzea nahi dugu, ez da izango gure negozioa eta kito. Azken batean, herriari zerbitzu hori ematea da nahi duguna eta gure lehen helburua, eta herriak eskatzen duenaren arabera moldatuko gara".
500 biztanle inguru ditu Arroa Beheak, baina epe ertainean populazioa hazi egingo dela aurreikus daiteke, etxebizitza berriak egiteko proiektu bat badelako. Gaur egungo errealitateari erantzuteko eta hemendik aurrera etor daitekeenari aurre egiteko ahaleginean murgilduta dabiltza auzo elkartean, eta Txarakoek ere ildo beretik jarri dute beren alea, gabezia jakin bati erantzuteko, baina herria biziberritzeko ere bai: "Arroan bestela ere gauza asko daude martxan", dio Ossak, eta auzo elkartean "herriari bizia eman nahian" ari direla gaineratu du, kezka batetik abiatuta: "Askotan, inguruko herrietako jendeak etxea hemen erosten du, merkeago delako, baina bizitzarik ez dute egiten bertan. Horri buelta eman nahi diogu, herri izaera ez galtzeko".
Bertako ekoizleen alde
Bertakoa zaintzeko eta bultzatzeko izpiritu horren beste islada bat da bihar Arroa Behean irekiko duten dendan tokiko eta gertuko ekoizleen alde egin nahi duten apustua. "Hori ere azpimarratu nahi dugu eta jendea bultzatu ingurukoa kontsumitzera. Uste dut pandemia garaiotan jendeak buruari buelta batzuk eman dizkiola gai honen inguruan; zergatik erosi behar ditugun garbantzuak AEBetatik, hemen edukita", dio Ossak.
Izan ere, edozein janari dendetan saltzen dituzten ohiko produktuak eskura izango dituzte erosleek Txaran –baita etxerako eta garbiketarako produktuak ere–, baina horiekin batera bestelako eskaintzari ere tokia egin nahi diote. "Zerbitzu orokor bat eskaini nahi dugu, alde batetik, baina elikagaien inguruko kontzientzia pixka bat ere nahi dugu landu. Adibidez, arroza; betikoa edo ohikoa edukiko dugu, baina baita Nafarroako arroz ekologikoa ere", kontatu du Txara kooperatibako kideak. "Aniztasuna" bultzatu nahi dutela gehitu du, "zentzu guztietan". Horrela, besteak beste, ontziratu gabeko lehengaiak ere salgai izango dituzte, soltean.
Bihar San Isidro eguna da, eta denda maiatzaren 15ean irekitzeak ere badu esanahia txarakideentzat. Baserritarren zaindaria da San Isidro, eta, Ossak gogoratu duenez, "Arroa Behean betitik ospatu izan da San Isidro, garai batean bazkariak-eta egiten zituzten". Denda bera San Isidro kalean irekiko dute, eta inguruko ekoizleekin antolatu duten azokarekin borobilduko dute biharko inaugurazio eguna.
Herritarentzat aurkezpena gaur, eta azoka bihar
Arroa Beheko herritarrek gaur izango dute Txara proiektuaren xehetasun guztiak ezagutzeko aukera. Kooperatibakideek aurkezpen bilera antolatu dute eta bertan, besteak beste, bazkidetza kanpainaren berri ere emango dute. 20:15ean hasiko da aurkezpena, eskola zaharrean.
Proiektu berriari atxikimendua agertzeko edota proiektuan partaide izateko hainbat bide eskainiko ditu Txarak. Nahi dutenek, kooperatibako bazkide izateko aukera izango dute, 50 euroko gutxieneko ekarpena eginda. "Behin ordaindu eta kito, nahiko sinbolikoa izango da bazkidetza, bazkide egiteak ez du beste konpromisorik eskatuko", dio Ossak, "baina guretzat bai dela babes bat jendea hor egotea". Bazkide figura ez da izango eskainiko duten bakarra. Bezeroen fideltasuna sustatzeko beste figura bat ere sortuko dute, ohiko kontsumitzailearena, hain zuzen ere; ohiko kontsumitzaile horiei txartel bat eskainiko diete, "dirua kargatzeko eta erosketak egin ahal izateko", Azpeitiko Elikagunean dutenaren antzera.
Bihar, berriz, dendaren irekierarekin batera, inguruko ekoizleen azoka egingo dute. 11:00etatik 14:00etara, denda berria ezagutzeko eta bertan lehen erosketak egiteko aukeraz gain, Ibañarrietako Ekain sagardoa, Zestoako eztia, Azpeitiko Premietxeberriko gazta, Errezilgo Solakako ogia eta BioTxik-en belar ukenduak izango dira azokan, txarakideek prestatutako pintxoekin batera. Azoka girotzeko musika ere izango da, herriko trikitilari eta pandero-jotzaile gazteen eskutik.