Arroa Beheko Ezkaizto auzo elkarteak Udaberriko I. Argazki Rallya egingo du maiatzaren 29tik 30era bitartean, eta lehiaketan parte hartzeko deia egin diete Arroa Beheko biztanleei. Bi kategoria izango dira lehiaketan: 16 urte bitartekoen maila, eta 16 urtetik gorakoena. Honakoak izango dira maila bakoitzeko sariak:
- 16 urte bitartekoen maila:
- 1. saria: diploma eta USBa.
- 2. saria: diploma eta USBa.
- 3. saria: diploma eta USBa.
- 16 urtetik gorakoen maila:
- 1. saria: diploma, eta 75 euroko bonua Arroa Beheko dendetan gastatzeko*
- 2. saria: diploma eta 55 euroko bonua Arroa Beheko dendetan gastatzeko
- 3. saria: diploma eta 35 euroko bonua Arroa Beheko dendetan gastatzeko
(*Honako dendetan gastatu ahal izango dira bonuak: Txomin tabernan, Lourdesenea tabernan, Ainhara ile-apaindegian eta Txara kooperatiba janari dendan).
Oinarriei dagokienez, lehiaketaren gaia "Arroako nire leku gustukoena" izango da, eta argazkiak mugikorrarekin, tabletarekin edo argazki kamerarekin egin ahal izango dira. Horrez gain, bestelako hainbat tresna ere erabili ahal izango dira argazkiak egiterakoan; esaterako, tripodeak, objektiboak zein lenteak. Bestalde, kamerako datak zuzena izan beharko du; hau da, rallyak dirauen bitartean atera beharko dira erretratuak, eta gainontzekoak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Halaber, argazkiek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, argazkietako elementuak ezingo dira aldatu —oinarrizko ukituak izan ezik; adibidez, distira, enkoadraketa, argazkia zuzen jartzea, zuri-beltzean jartzea...—, eta argazkietan lehiaketako parte-hartzailea ez den norbait agertzen bada, idatzizko baimena aurkeztu beharko da, irudi eskubideengatik.
Argazkiak ekainaren 2ko 23:59 baino lehen aurkeztu beharko dira, honako helbide honetara bidalita: arroako.argazkirally@gmail.com. Posta elektronikoaren gaian "Arroabeako Udaberriko 1. Argazki-rallya" jarri beharko da, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki bidaltzeko aukera izango du. Horiek izendatzerakoan, izen-abizenak eta zenbakia ezarri beharko dira (adibidez: izena-abizena1-abizena2-01.jpg), eta JPG formatuan bidali beharko dira. Horrez gain, mezu elektronikoan datu hauek agertu beharko dute: izen-abizenak, adina, eta argazkian agertzen den lekua —zein leku den, non dagoen eta toki hori hautatzearen zergatia—.
Epaimahaia Zestoako hiru lagunek osatuko dute, eta kide horiek ezingo dute argazki-rallyan parte hartu. Bestalde, irabazleen izenak ekainaren 9an helaraziko dituzte epaileek, eta ekainaren 11n egingo da sari banaketa.