Prest dago guztia Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiko finalerako

Amaia Urbieta Arruti 2021eko maiatzaren 11

12:00etan hasiko dira finalak Getariako Sahatsaga kiroldegian eta lehen partidan, adimen urritasuna dutenen kategorian, parte hartuko du Jurdan Arakistain zestoarrak. Partidak ikustera joaterik egongo ez bada ere, telebistaz zuzenean ikusteko aukera izango da.

Ekitaldi dotorea egin dute gaur goizean Getarian, Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusiaren finala aurkezteko. Bertan izan dira zortzi finalistak, baita txapelketaren sustatzaileak ere. Pilota Egokituko bi final jokatuko dituzte igandean Getarian, Sahatsaga kiroldegian: adimen urritasuna dutenen finala eta gurpildun aulkian jokatzen dutenena. Partidak 12:00etan hasiko dira, eta harmailetan publikorik izango ez bada ere, Etb 1en zuzenean ikusteko aukera izango da.

Txapelketaren sustatzaileek hartu dute hitza lehenik gaurko ekitaldian. Blanca Aranguren Gipuzkoako Federazioko ordezkariak nabarmendu du "emakumezkoak ahalduntzea" dutela xede, baita pilota egokitua egin ahal izateko aukera udalerri denetan izatea ere. Laboral Kutxa da txapelketaren babesle, eta Ocar Barbulok hitz egin du enpresaren izenean. Azpimarratu du txapelketaren balioak bat datozela Laboral Kutxarenarekin, eta "garrantzitsua" dela beraientzat babesten jarraitzea. Ekaitz Esteban Getariako Kirol zinegotziak azaldu du oso herri pilotazalea dela Getaria, eta finala bertan egiteko proposamena jaso zuenean ez zuela zalantzarik izan egin ahal izateko moduren bat topatuko zutela. Prentsaurrean izan dira Segundo Alkorta herriko pilota eskolako arduraduna eta Mikel Idoate profesional mailako pilotari ohia ere.

Txapelketako finalen promozioa jarri dute segidan frontoian egokitu duten pantailan, eta ondoren, pilotariengana zuzendu dituzte kamerak kazetariek. Finalisten artean eskualdeko pilotari bat izango da: Jurdan Arakistain. Iraitz Huegunekin bikotea osatuta, Eneko Sagarmendik eta Xabier Aizkorretak osatutako bikotea izango dute aurrez aurre. Gurpildun aulkidunen kategorian, berriz, Yann Neunierrek eta Maixi Cabannek Ander Altuna eta Beñat Lizaso izango dituzte aurrez aurre. Iganderako ilusioz eta gogotsu agertu da zestoarra, eta aitortu du aurkari gogorrak izango dituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide