Zestoa final zortzirenetara sailkatu da gomazko paletako Herriarteko Txapelketan

Andoni Elduaien 2021eko maiatzaren 7a

Atzo, bi partida irabazi zituzten zestoarrek Debaren aurka, eta bi tantoren aldeagatik lortu dute final zortzirenetara sailkatzea. Andoain izango dute arerio orain, eta Zestoan jokatuko dituzte joaneko partidak.

Zestoa final zortzirenetara sailkatu da gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Joan den astean bat eta bi galdu zuten zestoarrek Gurutzeaga pilotalekuan, baina atzo bi partida irabazita kanporaketa berdintzea lortu zuten. Bi herriek hiruna partida irabazita, tantoen aldeari begiratu behar izan zioten final zortzirenetara zein herri sailkatzen zen ikusteko. Palista zestoarrek debarrek baino bi tanto gehiago egin dituztelako, txapelketan aurrera egitea lortu du Zestoak.

Abantzu elkarteak aldaketak egin zituen Debako itzulerako partidetarako. Manex Odriozola aritu zen kantxa osoan buruz-buru eta 18-20 galdu zuen. Binakako partidan, berriz, Josu Etxabek eta Juanjo Odriozolak jokatu zuten, eta 20-16 irabazi zuten. Hirugarren eta azken partida erabakiorrean, berriz, Miguel Angel Diazek 20 eta 17 garaitu zuen Debako aurkaria.

Kontuak horrela, zestoarrek 108 tanto lortu dituzte eta 106 debarrek. Zestoan jokatutako joanek partidetan 20 eta 13 irabazi zuen Zestoak lehen partida, eta 15-20 galdu zituen hurrengo biak. Final zortzirenetara sailkatuta, Andoain izango du orain aurkari Zestoak. Gurutzeaga pilotalekuan jokatuko dituzte joaneko partidak, eta Andoainen itzulerakoak. Final laurdenetara sailkatuz gero, berriz, Mutriku-Donostia kanporaketako irabazlearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide