'Birziklatu, zure esku dago' kanpainaren informazio guneak jarriko dituzte egunotan Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan

Julene Frantzesena eta Andoni Elduaien 2021eko maiatzaren 6a

Birziklatu, zure esku dago kanpainaren baitan, informazio guneak jarri dituzte egunotan Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Gaur, esaterako, Azkoitiko liburutegiaren ondoan egokitu dute gunea. Birziklapenaren inguruko informazioa emango dute han jokoen eta tailerren bitartez.

Herritarrak bide onetik jarraitzera bultzatzeko eta sailkatutako hondakinen emaitzak hobetzea lortzeko kanpaina jarri du martxan Urola Erdiko Mankomunitateak, Birziklatu, zure esku dago izenarekin. Izan ere, hondakinak etxean bereizten jarraitu beharra dagoela azpimarratu du erakundeak, eta gogorarazi du gehiago eta hobeto birziklatzea dela helburua.

Egunotan ekintza bat baino gehiago izango dira Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan kanpaina horren barruan. Esaterako, informazio guneak jarriko dituzte hiru herriotan. Azkoitian, gaur, osteguna, 15:00etatik 20:00etara, liburutegiaren ondoan egongo da gune hori, eta larunbatean, berriz, 09:00etatik 14:00etara, plazan. Azpeitian Azoka Plazan jarriko dute informazio gunea, bihar 15:00etatik 20:00etara, eta asteartean 09:00etatik 14:00etara. Zestoan, azkenik, maiatzaren 22an aterako dute kanpaina kalera; egunotan zehaztuko dute non eta zer ordutan.

Ecoembes eta Ecovidrioren eskutik egingo du kanpaina Urola Erdiko Mankomunitateak, eta herritarrek hondakin mota bakoitza zer edukiontzitara bideratu behar duten azaltzea da helburua. Hala eta guztiz ere, informazio guneko arduradunek adierazi dute edukiontzi horiari eta berdeari emango diotela "garrantziarik handiena". Era berean, okerreko edukiontzira botatako hondakinei garrantzia berezia emango diotela jakinarazi dute. "Edukiontzi berdera botatzen diren zabor txikiek zaborra hondatu eta birziklatzea zailtzen dute. Adibidez, plastikozko tapek eta botilen txapek. Modu horretan, birziklatze tasa hobetu nahi da", adierazi dute. 

Informazio gune irekia da, eta bertan zenbait ariketa, jolas eta tailer egingo dituzte adin guztietako pertsonei bideratuta. Beira identifikatzen eta zaborra sailkatzen ikasteko jokoak, txapa nahiz beira-bolen tailerrak, eta ondo bereizita dauden zaborren erakusketa jarri dituzte ikusgai informazio gunean. Halaber, bertako produktuez osatutako saski bat ere zozkatuko dute informazio gunean jarri duten joko batean parte hartzen duten herritar guztien artean. Parte hartzaileek kristalezko kutxa baten barruan zenbat txapa dauden gordeta asmatu beharko dute.

Gainera, etxez etxe liburuxka bat banatzen ari da mankomunitatea egunotan. Besteak beste, hondakin bakoitzari zer edukiontzi dagokion eta hondakinen sailkapen plantetan identifikatu ohi diren hondakin desegokiak zeintzuk diren jaso dute eskuliburuan. Herritarren inplikazioaren garrantzia azpimarratu nahi du mankomunitateak kanpainarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide