Ekainaren 1etik aurrera, aldaketak izango dira Zestoako hondakinen gaikako bilketa sisteman. Alde batetik, ontzi arinak edukiontzietan bilduko dira, eta, bestetik, papera eta kartoia jasotzeko edukiontzi handiagoak jarriko dituzte. Gaur, osteguna, eman dituzte aldaketa horien arrazoiak Zestoako Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak, Zestoako udaletxean. Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakaria eta Mikel Arregi Zestoako alkatea izan dira aurkezpenean.
Bereziartuak adierazi duenez, Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten zazpi herrietan hondakinen gaikako bilketa sistema ezarri zutenetik, "urtero-urtero" errepasatzen dute sistema: "Gaikako sistema egokitzeko eta eraginkorragoa izateko urratsak ematen ari gara azken urteetan, eta urrats horietako bat da ekainetik aurrera Zestoan ezarriko den aldaketa".
Zestoako alkateak eman ditu aldaketen xehetasunak. Arregiren arabera, bi arrazoirengatik erabaki dute hemendik aitzina ontzi arinak edukiontzietan biltzea: "Ontzi arinen kuboak astean bitan biltzen dira gaur egun; kuboak bi aldiz jarri behar izan genituen astean, plastiko kopuru handia pilatzen zelako". Horrek, bi arazo dakartzala azaldu du alkateak: "Batetik, kamioiek kilometro asko egin behar izaten dituzte kubo horiek jartzeko eta kentzeko, eta bestetik, garraio horrek CO2 gas gehiago isurtzea ekartzen du. Aztertzen aritu gara, eta pentsatu dugu ontzi arinak edukiontzietan bilduta CO2 gas gutxiago isuriko litzatekeela. Gainera, kamioiek egin beharreko kilometro horiek murriztuta udalak ekonomikoki ere aurreztuko luke». Era berean, alkateak adierazi du ontzi arinak modu horretan bilduta "mankomunitatearen berezko baliabidea" aprobetxatuko litzatekeela, Zestoa baita orain arte hondakinen sistema mistoa izan duen mankomunitateko herri bakarra.
Bestalde, papera eta kartoia biltzeko edukiontzien bolumena ere aldatu egingo dute. "Orain dauden edukiontziak txikiak dira, eta leku batzuetan edukiontzi bat baino gehiago jarri behar izan ditugu. Orduan, tamaina handiagoa izango duten edukiontziak ezarriko ditugu papera eta kartoia biltzeko", azaldu du Arregik.
Aldaketak hiru eremutan
Ekainean ezarriko diren aldaketa horiek, ordea, ez dira Zestoako auzo guztietan egingo. Hain zuzen ere, Zestoako herrigunean, Iraetan eta Arroa Behean izango du eragina sistema aldaketa horrek; beste auzo guztietan orain arte bezala jasoko dituzte ontzi arinak. Hala eta guztiz, alkateak ez du baztertu aurrerago landaguneko auzoetan ere aldaketak egitea: "Aitortu beharra dugu landaguneko auzoetan ditugula gaikako bilketa sisteman jasotako emaitzarik txarrenak. Etorkizun hurbilean beste aldaketa batzuk egin beharko dira auzo horietan ere".
Sisteman aldaketa horiek egin aurretik informazioa bidaliko diete herritarrei, aldaketen xehetasunekin: "Etxe guztietara informazioa bidaliko dugu, herritarrek ekaina baino lehen jakin dezaten zein izango diren egingo ditugun aldaketa nagusiak. Horrez gain, bideo bat ere egingo dugu aldaketa horien berri emateko, eta laster zabalduko dugu.
Birziklatzea "funtsezkoa"
Joan zen azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zuten hondakinen bilketa sisteman aldaketak egitea, eta Arregik adierazi duenez, ezarriko dituzten aldaketek herritarrei ez diete "kalterik eragingo": "Zestoarrak egun dagoen sistemarekin ohituta daudela uste dugu, eta pentsatzen dugu ontzi arinen edukiontziak jarrita egun ditugun bilketa tasa mantentzen jarraituko dugula. Gainera, badakigu sistema hau erosoagoa dela herritarrentzat, eta edukiontzia 24 orduz izanda jendeak behar bezala birziklatzen jarraituko duela".
Ildo horretatik, Arregik azpimarratu du "funtsezkoa" dela ondo birziklatzea. Klima larrialdiaz ere aritu da: "Lehen nahikoa arrazoi bagenituen hondakinak ondo sailkatzeko eta ingurumena zaintzeko, orain are gehiago". Era berean, nabarmendu du ingurumena zaintzea "gure burua zaintzea" dela, eta hondakinik eraginkorrena eta ekologikoena "ahalik eta hondakin gutxien sortzea" dela.
Hona hemen aurkezpeneko bideoa: