Gaur, Santa Kutz eguna, festarik gabeko jai eguna dute Zestoan. Iaz bezala, aurten ere ez dute jai ekitaldi ofizialik antolatu herrian; baina 2020an bezala, danbor hotsak ozen entzun dira, hala ere, Santa Kutz bezperan behintzat.
Maiatzaren 2a helduen danborradaren eguna izan da aspalditik Zestoan. Joan den urtean eta aurten, ordea, koronabirusaren osasun krisia dela-eta kalean danbor festarik ezin izan dute egin zestoarrek. Danbor hotsak eta danborradaren doinuak, ordea, ozen entzun ziren atzo gauean. Hainbat lagunek egin zuten bat herritar talde batek egindako deiarekin, eta 22:30etik aurrera beren etxeetako balkoietara eta leihoetara irten ziren danborradako piezak jotzera. Balkoi eta etxaurre asko festarako apainduta ikus zitezkeen aurretik, eta arratsalderako jai giroan zebiltzan herriko zenbait txokotako bizilagunak.
Herritarrek bidalitako irudiekin osatu du UROLA KOSTAKO HITZAk bilduma hau. Eskerrik asko guztiei!