Ezohikoa izan da Maiatzaren Leheneko aurtengo mobilizazioa Zestoan. Eskualdeko gainerako herri askotan bezala, LAB sindikatuak Aldaketa da aukera! leloarekin deitu duen mobilizaziorekin bat eginez irten dira kalera langileak eguerdian beren nazioarteko egunean. Plazan elkartuta, manifestazioari ekin diote, baina gaurko manifestazioa ez da herri kaskoko ohiko ibilbidera mugatu. Izan ere, Zestoako Bainuetxeko langileak izan dira protagonista nagusiak gaurko mobilizazioan. SOS bainuetxea zioen pankarta atera dute horiek, eta bizi duten egoera salatu dute manifestazioarekin. Herrigunea inguratzen duten oinezkoentzako bideetan ibili dira manifestariak, plazatik bainuetxeraino joateko eta handik bueltan berriro plazara itzultzeko.
Koroabirusaren pandemiak kinka larrian utzi du Zestoako Bainuetxearen etorkizuna eta, zer esanik ez, bertan lan egiten duten herritarrena. Urtebete pasa darama itxita bainuetxeak, eta bertako langile batek azaldu duenez, tarte horretan langileek "langabezia eta subsidioa jan" behar izan dituzte, erreposizioa kobratu dute, eta beren egoerak zer norabide hartuko duen zain daude, ziurgabetasun egoeran, Preco zerbitzura jotzeko atarian. Mikel Arregi alkateak ere hartu du hitza bainuetxearen atarian; bainuetxeak Zestoan izan duen eta duen pisua aipatu du, Zestoakoa Euskal Herriko azken bainuetxe klasikoa dela gogoratu du, eta erakundeen esku-hartzea aldarrikatu du, establezimendu historiko hori "historiara pasatu ez dadin".