Santakutzetan danborrak balkoietan jotzeko deia egin dute hainbat herritarrek

Anartz Izagirre 2021eko apirilaren 28a

Osasun krisia dela eta, zestoarrek ezingo dute aurten ere danborradarik egin kaleetan. Herritar talde batek, ordea, igandean, maiatzak 2, danborrak eta atabalak balkoietan astintzeko deia egin die herritarrei. 22:30ean hasiko da danborrada, eta gauerdia bitartean iraungo du.

Iazko santakutzetako irudi bat.

Ate joka datoz santakuntzak, baina pandemia dela-eta bigarren urtez jarraian ez da ohiko ospakizunik izango Zestoan. Hala eta guztiz, herritar talde batek dei egin du igandean, maiatzak 2, festa horietan ohikoa den danborrada etxeko balkoietan ospatzera. Joan zen urtean izan zen danborrada modu horretan ospatu zuten lehen aldia —honako lotura honetan ikus daitezke argazkiak eta bideoa—, eta izandako arrakasta ikusirik, aurten ere formula bera errepikatzea pentsatu dute.

Beatriz Zubia da danborradaren antolaketan dabilen herritarretako bat, eta danborrada "modu xume batean" egingo dutela dio: "Aurten ez dugu joan den urteko egoera berdina, iaz konfinatuta baikeunden. Halere, ez dugu festak antolatzeko aukerarik, eta beste urte batez balkoietara danborrak jotzera ateratzea pentsatu dugu". Auzoz auzo egingo da danborrada, 22:30ean hasiko da —danborradaren ohiko orduan—, eta gauerdira bitartean arituko dira Zestoako bizilagunak danborradako pieza guztiak jotzen.

Zubiak azaldu duenez, joan zen urteko danborradan jende askok parte hartu zuen, eta aurten ere jendea animatzea espero dute. Nahi izanez gero, iazko moduan balkoiak apaintzeko deia ere egin diete zestoarrei.

Umeen danborradarik ez

Helduen danborrada ez ezik, urtero egin ohi da haurren danborrada ere, baina bigarren urtez jarraian bertan behera gelditu da ekitaldi hori. Zestoako haur eta gaztetxoek balkoietan astindu behar izan zituzten danborrak eta atabalak joan zen urtean, ezinezkoa baitzen orduan etxetik ateratzea. Etxean egon ezean jendea balkoietara ateratzea "zaila" dela iritzita, ordea, haurren danborrada antolatzen ibili direnek ez dute aurtengo santakutzetarako ezer antolatu.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide