Maiatzaren hasierarako bi kultur ekitaldi antolatu ditu Zestoako Udalak, era horretara urteko kultur programazioa hasiko du.
Maiatzaren 7an, aurreko urteko Udan Zer Zestoan? programazioaren barruan egitekoa zen eta bertan behera gelditu zen kontzertu bat egingo dute. Hain zuzen, Thierry Biscary kantari eta perkusionista anahuztarrak kontzertua eskainiko du, 19:00etan, Zestoako kiroldegian. Musikari honek hainbat taldetan abestu du, besteak beste, Bost gehio, Bolbora, Hegalka, Triki traka, Kokin eta Kalakan taldeetan. 2017an, berriz, Hegiak proiektua osatu zuen Oreka TX txalapartariekin, Ander Zulaika perkusionistarekin eta Eñaut Elorrieta kantariarekin. Bakarkako bideari heldu zion 2018an, eta metalezko tresnekin eta kantari talde batekin Manez eta Kobreak diskoa plazaratu zuen. Iaz, Muda izeneko bere bigarren diskoa kaleratu zuen Biscaryk. Musika tradiziolana, munduko musika eta musika klasikoa jorratzen ditu.
Thierry Biscaryren kontzetura joateko, ezinbestekoa izango da aurrez izena eta telefono zenbakia ematea, Zestoako Turismo Bulegora joanda edota 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta.
Maiatzaren 9an, berriz, Uztapideren jaiotzaren urteurrenarekin lotuta, Bertsoaren harria saioa izango da, 18:00etan, Uztapide plazan. Koldo Izagirrek, Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok parte hartuko dute saio horretan. Ekitaldiaren ardatza Uztapide bertsolariaren oroitarria izango da, Zestoako Udalak azaldu duenez. Saio horretara joateko, ezinbestekoa izango da aurrez izena eta telefono zenbakia ematea, Zestoako Turismo Bulegora joanda edota 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta.
Maiatzaren 5ean, bilera irekia
Bestalde, udara begirako programazioa osatzeko eta antolatzeko deialdi irekia egin du Zestoako Udalak maiatzaren 5erako. Batzar hori Kultur Etxean izango da, 19:00etan hasita.