Ia 70 lagunek parte hartu dute Zestoako Mugak egitasmoko lehen etapan

Aitziber Arzallus 2021eko apirilaren 27a

Herrigunetik abiatu eta Etumetan bukatu zuten ibilaldia, hamasei kilometro eginda. Zestoako Mugak egitasmoaren barruan, beste bi ibilaldi ere egingo dituzte Agiro mendi klubekoek: maiatzean bata eta ekainean bestea.

Agiro mendi klubak antolatuta, Zestoako Mugak egitasmoko lehen etapa egin zuten joan den igandean, eta 67 lagunek parte hartu zuten. Egoerara egokitutako egitasmoa da mendi taldeak martxan jarri duena, zestoarrei herriko mugak zeintzuk diren erakustea baitu helburu. Herrigunetik abiatu eta Sastarrain bailarara joango ziren, Agittara jarraian, handik Soldausorora, ondoren Neberara, Lasaora gero, Sañu mendira igo ziren jarraian eta Etumetan amaituko zute ibilaldia. Guztira, hamasei kilometroko itzulia egin zuten eta bost ordu inguru behar izan zituzten.

Zestoako Mugak egitasmoaren barruan, beste bi ibilaldi ere egingo dituzte Agiro mendi klubekoek. Dena den, egungo osasun egoera dela eta, ez dakite oraindik zehazki noiz egingo dituzten beste bi etapak, eta aurrerago emango dute informazio osatuagoa.

Hala eta guztiz ere, dagoeneko jakinarazi dituzte beste bi etapen ibilbideak. Bigarren etapa maiatzean egingo dutela aurreikusten dute, eta honako hau izango da ibilbidea: Etumeta, Granada Erreka eta Indamendi zeharkatu ostean, Aizarnazabalgo Siete tabernan amaituko dute mendi martxa. Hirugarren etapa ekainean gauzatuko dutela uste dute, eta honako hau izango da ibilbidea: Ibañarrieta, San Lorente, Arroa Behea, Presalde eta Endoia igaroko dituzte, eta Zestoan amaituko dute bidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide