Zestoako Udalak etxebizitzaren alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea ireki du

Andoni Elduaien 2021eko apirilaren 26a

Iaz bezala, aurten ere 30.000 euro bideratuko ditu Zestoako Udalak etxebizitzaren alokairuaren errenta ordaintzeko dirulaguntzetara. Eskaera irailaren 1a baino lehen egin beharko da udaletxean.

Zestoako Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskatzeko epea ireki du. Laguntzaren eskaera egiteko epea irailaren 1era bitartekoa da. Aurten ere 30.000 euro bideratuko ditu udalak dirulaguntzetara. Etxebizitzaren alokairu errenta gehienez 550 eurokoa izan beharko da dirulaguntza eskatu ahal izateko, eta eskatzailearen diru sarrerak ere kontuan hartuko ditu herri erakundeak.

Etxebizitza alokairuaren dirulaguntzak honako herritarrei zuzendutakoak dira: 18-35 urte bitarteko gazteak, mugikortasun urria duten pertsonak, bananduta daudenak, 70 urtetik gorakoak direnak, alargunak eta seme-alabak beren kargura dituzten guraso bakarreko familiak. Halaber, eskatzaileetako inork ezingo du izan etxebizitzarik bere jabetzan. Horren haritik, udalak azaldu du alokairurako dirulaguntza eskatzen dutenek herentzian edo dohaintzan jasotako etxebizitza baldin badute, etxebizitzaren titulartasunak ezingo duela %50etik gorakoa izan eta etxebizitzaren balioak ezingo duela 75.000 euro baino balio. Herriko kolektibo horiei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzea da Zestoako Udalak onartutako dirulaguntzen helburua.

Udalak aurten ere dirulaguntzen oinarrietan jaso du, alokairuan hartuta daukaten "etxebizitza partekatzen duten guztiak" izan ahalko direla onuradun, baldin eta errentamendu kontratua "denek sinatuta badute banan-banan".

Eskaera, irailaren 1a arte

Irailaren 1a bitarteko epean aurkeztu beharko da laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazio guztia udaletxean. Besteak beste aurkeztu beharreko agiriak dira: dirulaguntzaren eskaera orria, behar bezala beteta eta sinatuta; laguntza eskatzen duen pertsonaren edota pertsonen Nortasun Agirien kopiak edota egoitza txartelaren fotokopia; tartean, adin txikikorik balego, Familia Liburuaren fotokopia; eskatzailearen eta Bizikidetza Unitatearen errolda agiria; etxebizitzaren alokairu kontratuaren fotokopia; kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria; Espainiako Estatuan etxebizitza baten jabe ez izatea ziurtatzen duen agiria (jabetza erregistroak emandakoa, gehienez laguntza eskatu aurreko hamabost egun lehenagokoa); bizikidetza unitateko kide guztien diru-sarreren egiaztatze agiriak; administrazioaren Gizarte Segurantzako betebeharrak nahiz zerga betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria; zinpeko aitorpena, beste diru-sarrera batzuk badaudela edota beste erakundeetan dirulaguntza eskatu dutela adierazten duena; edonolako dirulaguntzak jasotzea eragozten duen zinpeko aitorpena; eta dirulaguntzak emateko betebeharrak kontuan hartuta, baliagarriak izan daitezkeen bestelako agiriak.

Zestoako Udalak etxebizitzaren alokairurako emango duen dirulaguntza kopurua eskatzailearen diru sarreren araberakoa izango da. Eskaera bakoitzeko gehienez 250 euroko dirulaguntza emango du hileko, eta gehienez hamabi hilabeteko epealdi batetarako izango da laguntza hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide