Euskal Pilota Egokituko Sari Nagusia iritsi da azken txanpara; izan ere, dagoeneko erabakita dago zein pilotarik jokatuko dituzten finalak. Getarian jokatuko dituzte norgehiagokak maiatzaren 16an, igandez, 12:00etan hasita.
Nor baino nor ariko dira lau bikote: adimen urritasuna dutenen mailan, Eneko Sagarmendik eta Xabier Aizkorretak Jurdan Arakistain zestoarraren eta Iraitz Huegunen aurka neurtuko dituzte indarrak; gurpildun aulkiko modalitatean, berriz, Yann Neunierrek eta Maixi Cabannek Ander Altuna eta Beñat Lizaso izango dituzte aurrez aurre.
Arakistainek eta gainerako pilotariek badakite zer den final bat jokatzea, eta hemendik bi astera jokatuko duten partida oso orekatua izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Atzo jokatu zuten partidan, adibidez, Sagarmendi eta Aizkorreta tanto bakar bategatik nagusitu ziren, 14 eta 15.