Zestoako Ezpalak musika taldeak Kolpatu topatu izeneko bigarren diskoa kaleratu du. Zortzi abestik osatzen dute zestoarren proiektu berria, eta 90. hamarkadako influentziak partekatzen ditu, Sonic Youth, Dinosaur Jr. edo Nirvana bezalako taldeak erreferentzia gisa hartuta.
Juanjo Berasain –ahotsa–, Unai Eizagirre –baxua–, Eñaut Gaztañaga –gitarra– eta Janardana Iglesias –bateria– musikariek osatzen dute Ezpalak musika taldea. Gaztañaga taldeak bere estudioan bertan ekoitzi du lana. 2019. urtean argitaratutako lehen lanaren lorpen asko gordetzen ditu abesti bilduma berriak, eta soinu guztiz pertsonal bat osatu duten elementu berriak aurkezten ditu.
Disko berriko erritmoak rockeroagoak eta dantzagarriagoak dira, Idles edo Fontaines DC. bezalako proposamen berritzaileen harira. Iaz, urtearen amaiera aldera aurkeztu zituzten Itzala eta Hegan edo Hilik abestiak, eta orain Zatoz, Banpiroak, Tristura, Hauxe naiz ni, Denbora eta Bapatean izeneko abesti berriak aurkeztu dituzte. Zestoako musika taldeak hainbat plataformatan entzungai jarri du Kolpatu topatu diskoa.
Ezpalakek debuteko diskarekin euskal musika alternatiboaren erreferentzia bihurtu zen, baina bigarren lanarekin Euskal Herriko mugak gaindituko ditu. Musika taldeko kideek dioten moduan, "hegoak moztea edo hiltzea berdina da".
Hona hemen Zatoz abestiaren aurrerapen bideoa: