Ertzaintzak eta eskualdeko zenbait udalek bilera egin dute iazko delitu ekintzen balantzea eta azterketa egiteko

Andoni Elduaien 2021eko apirilaren 21a

Internet bidezko iruzurrek gora egin dutela jakinarazi zuten Ertzaintzako buruzagiek Azkoitiko Udaleko bilkura aretoan egindako koordinazio bileran. Javier Zubizarreta eta Mikel Arregi, Azkoitiko eta Zestoako alkateek parte hartu zuten bilkuran.

Joan den astean, Gipuzkoako Ertzaintzaren lurraldeko buruzagitzak eta Urola Kostako Ertzain-Etxeko buruek bilera egin zuten Urola Kosta eskualdeko herrietako ordezkariekin, Azkoitiko Udaleko bilkura aretoan. Azkoitiko Udalaren izenean Javier Zubizarreta alkateak parte hartu zuen bilkuran, eta Zestoako Udalaren izenean Mikel Arregi alkateak.

2020ko delitu ekintzen inguruko balantzea eta azterketa egiteko elkartu zen Tokiko Polizia Koordinaziorako Batzordea. Agenteek delituen eta krimenen estatistikak aurkeztu zituzten herrika, eta prebentzioarekin eta plangintzarekin lotutako gaiak jorratu zituzten. Azken urteetan delituak orokorrean jaitsi egin badira ere, iruzurrek, batez ere Internet bidezkoek, igoera esanguratsua izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide