Dirulaguntza lerro bat atera du Zestoako Udalak herriko elkarteentzat

Anartz Izagirre 2021ko api. 20a, 16:11

Udalak elkarteak zein haien jarduerak diruz lagunduko ditu, eta maiatzaren 17a bitartean izango da eskaerak egiteko epea. Laguntza horien bitartez, elkarteei zenbait eremutan esku-hartzen lagundu nahi die erakundeak; besteak beste, kirol, kultura eta euskara sustapenean.

Zestoako plaza eta udaletxea. (Mailo Oiarzabal)

Zestoako elkarteek laguntza eskaera egin ahal izango dute gaurtik maiatzaren 17a bitartean. Izan ere, Zestoako Udalak dirulaguntza lerro berri bat zabaldu du herriko elkarteentzat, beraien jarduerak gauzatzen laguntzeko. Atzo, astelehena, argitaratu zen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta erakundeak bertan zehazten duenez, dirulaguntza lerro horren bitartez elkarte horiei zenbait eremutan esku-hartzen lagundu nahi diete. "Elkarte horien ekimenek zestoarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute, eta, askotan, herri erakundeek proposaturiko ekimenen osagarri izaten dira", azaldu dute.

Honako hauek dira udalak diruz lagundu nahi dituen eremuak eta jarduerak:

  • Kirol sustapena
  • Kultura sustapena
  • Irakaskuntzan kalitatea hobetzea
  • Euskararen erabilera bultzatzea
  • Herritarren parte-hartzea eta boluntarioak sustatzea
  • Garatu gabeko herrialdeetan lankidetza proiektu solidarioak egitea
  • Hirugarren adinekoak beren interesen kudeaketan dinamizatu eta inplikatzea
  • Kohesio soziala sustatzea eta hobetzea
  • Gizarte egoera ahuleko taldeak laguntzea
  • Emakumeen eta gizonen berdintasuna eragitea eta sustatzea
  • Gizarte elkarteen sustapena
  • Garapen iraunkorra, ingurumen hezkuntza eta ingurumen kontzientziatzea
  • Enplegua sortzea

Onuradunek Zestoan izan beharko dute egoitza eta jardun eremua, salbuespenak salbuespen, eta laguntza eskera Udal Bulego Orokorrean edo udalaren webgunean egin ahal izango dute. GAOn argitaratutako deialdian aurki daitezke dirulaguntza lerroaren inguruko xehetasunak, laguntzak jasotzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa eta bestelako informazio guztia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide