Zestoako Mugak egitasmoa jarri du martxan Agiro mendi klubak

Ihintza Elustondo 2021eko apirilaren 19a

16 urtetik gorakoei zuzendutako hiru ibilaldi antolatu ditu Agiro mendi klubak. Larunbatean egingo dute lehen txangoa, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena.

Agiro mendi klubak hiru mendi martxa antolatu ditu, Zestoako Mugak egitasmoaren barruan. Mendi elkarteko kideek azaldu dutenez, zestoarrei herriko mugak zeintzuk diren erakustea da asmoa. 16 urtetik gorakoei zuzendutako ibilaldiak prestatu dituzte, eta gazteak ere saioetan parte hartzera anima daitezen nahi dute.

Datorren larunbatean, apirilak 24, egingo dute lehen mendi martxa. Zestoatik abiatu eta Sastarrain bailarara joango dira, Agittara iritsiko dira jarraian, handik Soldausorora joko dute, ondoren Neberara joango dira, Lasaora gero, Sañu mendira igoko dira jarraian eta Etumetan amaituko dute ibilaldia. Guztira, hamasei kilometroko itzulia egingo dute, eta mila metroko desnibel positiboa izango du ibilbideak. Mendi martxa osatzeko bost ordu inguru beharko dituztela kalkulatu dute Agirokoek.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena. Zestoarrek soilik parte hartu ahal izango dute txangoan, eta kiroldegian eman behar dute izena, bertara joanda edo 943 14 79 42 telefonora deituta. Asteazkena, apirilak 21, da izena emateko azken eguna.

Beste bi etapa

Zestoako Mugak egitasmoaren barruan, beste bi ibilaldi ere egingo dituzte Agiro mendi klubekoek. Dena den, egungo osasun egoera dela eta, ez dakite oraindik zehazki noiz egingo dituzten beste bi etapak, eta aurrerago emango dute informazio osatuagoa.

Hala eta guztiz ere, dagoeneko jakinarazi dituzte beste bi etapen ibilbideak. Bigarren etapa maiatzean egingo dutela aurreikusten dute, eta honako hau izango da ibilbidea: Etumeta, Granada Erreka eta Indamendi zeharkatu ostean, Aizarnazabalgo Siete tabernan amaituko dute mendi martxa. Hirugarren etapa ekainean gauzatuko dutela uste dute, eta honako hau izango da ibilbidea: Ibañarrieta, San Lorente, Arroa Behea, Presalde eta Endoia igaroko dituzte, eta Zestoan amaituko dute bidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide