'Oinarrizkotik oinarria aldatu' kanpainaren barruan, elkartasun azoka egin dute Zestoan

Aitziber Arzallus 2021eko apirilaren 17a

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu du kanpaina, eta baita gaurko ekimena ere. Kanpainaren helburuak dira hainbat gairen inguruko hausnarketa sustatzea eta oinarrizko produktuen biltegiaren proiektua herriratzea. Urtebete da biltegia martxan jarri zutenetik, eta horri hauspoa eman nahi diote.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren Oinarrizkotik oinarria aldatu kanpainak aurrera jarraitzen du. Gaur, kanpaina horren barruan, elkartasun azoka egin dute Zestoan. Hainbat postu muntatu dituzte plazan, eta herritar ugari ibili da haien bueltan. Kanpainak bi helburu ditu: batetik, herritarrak hainbat gairen inguruan hausnartzera bultzatzea; eta bestetik, duela urtebete abian jarri zuten oinarrizko produktuen biltegia herriratzea, bultzada emateko.

Horiek horrela, gaurko azokaz gain, beste hainbat ekimen ere egin dituzte azken asteetan eta egingo dituzte datozenetan. Hilaren 8an Azkoitian eman zioten hasiera kanpainari, Faxismoa: arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar hitzaldiarekin, eta han egin zuten aurreneko azoka, hilaren 10ean. Herenegun, Etxebizitza Sindikatuko kideek euren jardunaren berri eman zuten Zestoan, eta gaur goizean elkartasun azoka egin dute herrian. Hilaren 22an, berriz, oinarrizko produktuen biltegia eta urtebeteko ibilbidea hizpide hartuta, hitzaldia izango da Azpeitian; eta hilaren 24an elkartasun azoka egingo dute Azpeitiko plazan, 12:00etatik 15:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide