Udara begira jarriak dira Zestoan, baina jakitun dira aurtengoak ere normaletik gutxi izango duela. Maiatzean ez dute santakutzik ospatzerik izango, ezta Ibañarrietako eta Endoiako festarik ere, eta Mikel Arregi alkateak arriskuan ikusten ditu auzoetako gainontzeko festak eta herriguneko festa nagusiak ere, irailaren hasierako amabirjinak. Halaxe adierazi du gaur goizean Zestoako udaletxean egin duten agerraldian. Arregik ondoan izan ditu Nerea Odriozola Kultura zinegotzia eta Aitor Salegi Gazteria, kirol eta jai zinegotzia ere.
Baina festarik ospatu ezinak ez du esan nahi udari kutsu berezia emango ez diotenik, iaz egin zuten moduan. "Festarik ez, baina beste ekitaldi batzuk antolatzeko erabakia hartu genuen iaz. Egoerak baldintzatutako eta egoerara egokitutako ekitaldiak izan ziren, baina oso arrakastatsuak". Hori horrela, aurten gauza bera egiteko intentzioa dute. Egitarau hori herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean osatu nahi du udalak, eta horretarako bilera irekia antolatu du maiatzaren 5erako. Bilera 19:00etan izango dela aurreratu du Arregik, eta lekua zehaztuko dutela eguna hurbildu ahala. Herriatarrek egitarauaren prestaketan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Odriozolak, zenbat eta jende gehiagoren artean osatu, orduan eta egitarau "osoagoa" izango delako.
Egitarau horren barruan sartuko dute Antzerki Astea ere, eta horren bueltan berrikuntzak iragarri ditu alkateak. Esan du udala estazioaren inguruko gune bat prestatzen ari dela emanaldiak aterpean egin ahal izateko. Antzerki Astearen baitan, herritarrek Atzerrian lurra garratz antzezlana ikusteko aukera izango dutela aurreratu du Arregik.
Maiatzean bi ekitaldi
Horrez gain, maiatzerako bi kultur ekitaldi iragartzeko baliatu dute gaurko agerraldia. Lehendabizikoa, maiatzaren 7an izango da, kiroldegian. Egun horretan, irailean bertan behera utzitako kontzertua eskainiko dute Thierry Biscary musikari baxenafarrak eta haren taldeak. Maiatzaren 9rako, berriz, Uztapideren jaiotzaren urteurrena ospatzeko bertso saioa antolatu dute. Koldo Izagirre, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok eskainiko dute saioa, Uztapide plazan.