Zestoako herritar talde batek Sastarraingo harrobiko eskalatzeko gunea txukundu eta egokitu du. Juantxo Zabala eskalatzailea izan da horretan aritu direnetako bat, eta esan du "hilabeteetako lana" izan dela: "Zaharkitutako materiala berritu dugu; harri arteetan zeuden belarrak eta adarrak garbitu ditugu, eta baita haien azpian zeuden bideak egokitu ere". Egindako lana "edonoren eskura" jartzeko asmoz, eskalada bideen krokis bat ere prestatu dute. Orain, lanak bukatuta, "gozatzeko" garaia dela dio, eta herritarrei harrobira joateko gonbidapena egin die, "hasiberrientzat eta familian joateko leku aproposa delako".
Zabalak duela 25 bat urte ekin zion eskalatzeari, eta makina bat ordu pasatutakoa da Sastarraingo harrobiko hormetatik zintzilik. "Ni eskalatzen hasi baino lehen prestatu zuten harrobia, 1990eko hamarkadan. Badakit pare bat lagun izan zirela, eta kanpokoak zirela, zestoarrak ez behintzat, baina ez dakit zehazki nortzuk izan ziren". Bi lagun haiek "enpresaren bat jartzeko asmoz-edo" hasi ziren horretan, "eta presak eta anklajeak jarri zituzten".
Denborak ez du barkatzen, ordea. "Eta zer gertatu da? Orduz geroztik ez dutela ezer egin, egindako gutxi hori geuk egindakoa dela, eta zahartuz eta hondatuz joan direla orduan jarritakoak". Ondorioz, azken urteotan jendeak hainbat bide ez zituen eskalatzen. "Pena ematen zidan horrek: herrian horrelako lekua izan eta galtzen ari zela ikusteak", eta, horri irtenbidea emate aldera, gunea pixkanaka-pixkanaka egokitzen hastea erabaki zuen.
Irakurri osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.