Atzeratu egin dute Arroa Behean larunbatean egitekoak ziren txirrindulari lasterketa

Mailo Oiarzabal 2021eko apirilaren 14a

Pandemiaren eraginez ezarri diren mugikortasun murrizketak direla-eta hartu dute erabakia antolatzaileek eta Gipuzkoako federazioak. Momentuz ez dute zehaztu proba egiteko data berririk.

Arroa Behean dena prest zuten larunbat honetan, apirilaren 17an, kadete mailako txirrindularitza lasterketa egiteko, baina azkenean bertan behera utzi behar izan dute asmoa, COVID19-aren bilakaeraren ondorioz.

Pandemiaren eragina areagotzen ari den honetan, izurritearen intzidentziaren gorakadak ekarri dituen mugikortasun murrizketek zuzenean eragin dute antolatzaileek eta Gipuzkoako federazioak adostutako erabakian. Hainbat herriren itxiera perimetrala dela eta, lasterketan parte hartzekoak ziren talde askok ezingo lukete Arroara joan; ondorioz, "dagoen egoera ikusita, karrera atzeratzea" erabaki dutela jakinarazi zuten atzo iluntzean antolatzaileek. Aurrerago bada ere, uda aldean edo, lasterketa egitea da antolatzaileen zein federazioaren asmoa, baina oraingoz ez dute zehaztu data berririk.

Zestoarrekin elkarlanean

Urte asko joan dira Arroa Behean azken aldiz txirrindularitza lasterketa bat antolatu zutenetik. Garai batean, Karmen jaien bueltan egin ohi zuten proba bat, baina aspaldi utzi zioten hura egiteari.

Aurten, Zestoan santakutzetan antolatu ohi duten kadeteentzako lasterketaren tokia hartuz zen itzultzekoa txirrindularitza Arroa Behera, momentuz hasierako asmoa betetzerik izango ez duten arren. Santa Kutz festarik ezean, Zestoako txirrindulari elkarteak lasterketarik ez du antolatuko aurten ere, baina Zestoak lasterketen egutegian libre utzitako tarte horren lekukoa Arroa Behekoek hartzea adostu zuten zestoarrek eta arroarrek. Elkarlan horretan aurrerantzean sakontzen joatea da bi aldeen asmoa, Arroa Behean aurrerantzean ere lasterketak antolatzen jarraitzeko, Zestoakoei ere eutsita. Elkarlanaren lehen fruitua, ordea, atzeratu egingo zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide