Aurtengo udan herriko udaleku irekietan begirale izan nahi dutenen lan poltsa osatzeko deialdia egin du Zestoako Udalak. Lau eratako lan poltsak osatuko ditu: udaleku irekietako begiraleena, koordinatzaileena, kirol udalekuetako eta uda gazteko kirol begiraleena eta kirol koordinantzaileena. Herritarrek apirilaren 19ra arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, bi modutara: udalaren webguneko (zestoa.eus) erregistro elektronikoaren bidez edo postaz. Puntuazio sistema baten bidez osatuko dituzte zerrendak, eta zerrenda horiek maiatzaren 13rako jarriko dituzte ikusgai udaletxeko iragarki taulan eta udalaren webgunean.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak honakoak dira: 18 urte beteta izatea, DBHko tituluaren jabe izatea, gaixotasunik ez izatea, Europako Batasuneko herrialderen bateko nazionalitatea izatea, administrazio publikoen aldetik disziplina espedienterik ez izatea eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta ez egotea, bateraezintzat jotako lanetan ez aritzea eta natura sexualeko delituengatik aurrekari penalik ez izatea. Horiez gain, udaleku irekietako koordinatzaile izan nahi dutenek aisialdiko begirale agiria izan beharko dute, eta kirol udalekuetako eta uda gazteko kirol koordinatzaile izan nahi dutenek kirol monitoretza heziketa zikloa ( TAFID) amaituta, kirol magisteritzako lehenengo bi urteak gaindituta edo SHEE-IVEFeko lehenengo bi urteak gaindituta izan beharko dituzte.
Lehiaketaren oinarriei eta aurkeztu beharreko dokumentuei buruzko informazio guztia, hemen.