Euskararen erabilera neurtzeko pertsonak behar ditu Zestoako Udalak

Julene Frantzesena 2021eko apirilaren 12a

Euskara Foroa sortu dute Zestoan, herriko euskararen egoerak kezkatuta. Erabilera sustatzeko estrategia eratzea dute xede, baina lehenik euskararen erabileraren kale neurketa egingo dute. Herritarrek neurtzaile lanak egiteko izena eman dezakete dagoeneko.

Herriko euskararen egoerak sortutako kezka tarteko, Euskara Foroa sortu du Zestoako Udalak. Joan zen martxoan egin zuten foroa martxan jartzeko lehen bilera, eta han erabaki zuten euskararen erabilera sustatzeko estrategia finatzeko beharra zegoela herrian. Hori dela eta, euskararen erabilera aztertuko dute aurrena; maiatzean egingo dute azterketa, eta horretarako kale neurtzaileak behar ditu udalak.

Kale neurketak egiten ariko diren pertsonek ordubete inguruko formazio saioa jasoko dute apirilean, eta 25 orduko neurketa gauzatuko dute. Lan horretan aritzen diren herritarrek, gainera, unibertsitateko aukera askeko kredituen errekonozimendua lortzeko baliatu ahal izango dute. Kale neurtzaile lanak egin nahi dituzten herritarrek euskara@zestoa.eus helbidera mezua bidali beharko dute.

Foroaren jardunaren maiztasuna zehaztu gabe dute oraindik ere, baina hurrengo bilera apirilaren 28an izango da, 18:00etan hasita, udaletxean. Euskararen erabilera sustatzeko estrategia lantzen hasteko ideiak plazaratuko dituzte saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide