Joan den ostiralean, apirilak 2, hasi zituzten 32. urteurreneko ospakizunak Zestoako Gaztetxean. 18:00etan hasita, bakarrizketa saioa izan zen Gaztetxean, eta giro ederra sortu zen bertan. Ekitaldi hartan hartutako irudiak dira goikoak. Larunbatean, gainera, mendi irteera egin zuten Gurutzetik Santa Engrazira.
Apiril osoan zehar izango dira urteurrena ospatzeko ekintzak gaztetxean. Ostegunean, apirilak 8, Okupazioaren aurkako ofentsiba gelditu hitzaldia emango dute Errakiko kideek; gune autogestionatuen babes sarea da Erraki, eta langileen antolakuntza du ardatzetako bat.
Apirilaren 17an eta 18an, berriz, Ezpalak Zestoako musika taldeak kontzertuak eskainiko ditu Zestoako Gaztetxean. Segituan agortu ziren apirilaren 17rako kontzertutako sarrerak, eta hori ikusita, musika taldeak apirilaren 18an bigarren emanaldia eskaintzea erabaki zuen. Bi egunetako kontzertuak 18:00etan hasiko dira, Gaztetxean.
Apirilaren 24an eta 25ean egingo dituzte 32. urtemuga ospatzeko azken ekitaldiak. Hilaren 24an, bertso bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta apirilaren 25ean, C.S.O.A La Alarma Madrilgo zentro sozialari buruzko dokumentala eskainiko dute, Gaztetxean.