Egitarau oparoa prestatu dute Zestoako Gaztetxearen 32. urtemuga ospatzeko

Andoni Elduaien 2021eko apirilaren 2a

Urtero moduan, apirilean zehar ospatuko dute Zestoako Gaztetxearen urtemuga, eta gaur hasiko dituzte ospakizun ekitaldiak, monologo emankizunarekin.

Apirilero moduan, Zestoako Gaztetxeak bere sorrerako urtemuga ospatuko du aurten ere. Gaur hasita, apirilak 2, egitarau zabala prestatu dute Gazte Asanbladako kideek Zestoako Gaztetxearen 32. urtemuga ospatzeko. 18:00etan hasita, monologoak zuzenean jarraitzeko aukera izango dute gaztetxean. Bihar, berriz, mendi irteera egingo dute Gurutzetik Santa Engrazira.

Apiril osoan zehar izango dira ekintza gaztetxean. Datorren ostegunean, apirilak 8, 'Okupazioaren aurkako ofentsiba gelditu' hitzaldia emango dute Errakiko kideek; gune autogestionatuen babes sarea da Erraki, eta "langileen antolakuntza du ardatzetako bat.

Apirilaren 17an eta 18an, berriz, Ezpalak Zestoako musika taldeak kontzertuak eskainiko ditu Zestoako Gaztetxean. Segituan agortu ziren apirilaren 17rako kontzertutako sarrerak, eta hori ikusita, musika taldeak apirilaren 18an bigarren emanaldia eskaintzea erabaki zuen. Bi egunetako kontzertuak 18:00etan hasiko dira, Gaztetxean.

Apirilaren 24an eta 25ean egingo dituzte 32. urtemuga ospatzeko azken ekitaldiak. Hilaren 24an, bertso bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta apirilaren 25ean, 'C.S.O.A La Alarma' Madrilgo zentro sozialari buruzko dokumentala eskainiko dute, Gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide