Datorren igandean, apirilak 4, jokatuko dute Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa 2021 txapelketako finala. Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuan jokatuko dituzte pilota partidak. Orain arte ikusitakoaren arabera, lehiaketako bi bikoterik indartsuenak arituko dira nor baino nor gehiago; alde batetik, Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik osatutako bikotea, eta bestetik, Olatz Arrizabalgak eta Naroa Agirre zestoarrak osatutakoa.
Pandemiak eraginda, bigarren urtez jarraian, Irungo finalak ateak itxita jokatu beharko dituzte, baina pilotazaleek ETB-1eko kameren bidez jarraitu ahal izango dute ikuskizuna, 12.00etatik aurrera. Aurretik, ordea, Irantzu Etxebestek eta Olatz Ruiz de Larramendik osatutako bikoteak Leire Garaik eta Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarraren aurka jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko.